AKTUALITATEA


| 2025-04-08 09:05:00

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak 15 urtetik beherakoentzat garraio publikoa doan izatea proposatzen du, % 50 gazteentzat, eta % 40 gainerako erabiltzaileentzat, abenduaren 31ra arteko epean. Behin behinean, beraz. Ez da, gainera, herrialdeko agintariek hartutako erabakia, izan ere, Madrildik etorritako dekretu baten transposizioa da, eta ez Gipuzkoan, ezta Euskal Herrian ere, ez dituzte dekretuaren neurriak hobetu nahi izan.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu zioten Garraioaren Lurralde Agintaritzan susta zezala MUGI sistema barruan dauden Gipuzkoako garraio publikoetan MUGIko tarifen onuren gaineko % 50eko beherapena mantentzea 2025ean, baina, beste behin, Foru Aldundiak ez du bete Batzar Nagusien mandatua.

Gai hau behar den seriotasunarekin jorratu behar dela uste du EH Bilduk. Herri ikuspegiarekin eta epe ertain-luzerako begiradarekin. Krisi egoera betean, egonkortasun ekonomikoa zalantzan dela, prezioek etengabe gora egiten duten tesituran, eta larrialdi klimatikoa inoiz baino nabariagoa denean, herrialdeko arduradun politikoei dagokie arduraz jokatzea, lidergoa izatea herritarren ongizatea bermatzeko, eta ez da halakorik ikusten.