AKTUALITATEA


| 2021-11-02 12:43:00

Bidesarien inguruan Gipuzkoako Foru Aldundia (EAJ-PSE) egiten ari den kudeaketa ezin da txarragoa izan. Orain arte, bi izan dira auzitegiek bertan behera utzi dituzten foru-arauak, eta okerragoa dena:  akatsa onartu beharrean eta autokritikarik txikiena ere egin gabe, kanona kobratzen jarraitu zuten, Bidegiren zulo ekonomikoa handituz, guztion artean ordaindu beharko duguna. Orain, hirugarren Foru Araua egiteko garaia iritsi da, eta EH Bilduk 5 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, batetik, estrategikoa den garraio sektorearen egoera ekonomikoa hobetzeko eta, beste aldetik, larrialdi klimatikoari aurre egiten laguntzeko.

EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa garrantzitsuenaren helburua garraio sektoreari, estrategikoa den heinean, hobariak ezartzea da. EAJk eta PSEk iragarri dute ez dutela hobaririk aplikatuko, baina legeak aukera ematen duenez (1999/62/EU Europako Zuzentaraua) hobaririk ez aplikatzea onartezina da, EH Bilduren iritziz. Horrela geratuko litzateke 18.artikulua: “Kanonaren deskontua”.

“Bidegik kudeatzen dituen Gipuzkoako N-1 eta A-15 errepideetan %13ko deskontua ezarriko da I eta II kategoriako ibilgailu astunentzat, ezartzen zaien kanonaren zenbatekoaren gainean aplikatuta, baldin eta hilean hamabost bidaia edo gehiago egiten badituzte noranzko bakarrean, eta ordainketa telematiko sistema gisa ibilgailuan eramango duten gailua erabiltzen badute. Bete behar berdinekin, hilean 9. eta 14. bidaiaren artean egiten dutenei, % 8ko deskontua ezarriko zaie. Beti ere, 1999/62/CE zuzentarauaren 7. artikuluak bere 2. a) puntuan adierazten duena bermatuz. Aurreko baldintzak betez gero, deskontua lehenengo igarotzetik ezarriko da.”

Ildo beretik, EH Bilduk proposatu du arau bidez ezartzea nola erabiliko den kanon berriarekin bildutako dirua. Europako 1999/62/EU Zuzentarauan oinarrituta, lortutako irabazi garbien %15 mugikortasun jasangarria sustatzera bideratzea proposatzen dugu. Gogoratu behar da Europako Batzordeak behin baino gehiagotan adierazi duela neurri hori ezartzeko aukera,  baino orain arte EAJk eta PSEk baztertu egin dute. Horrela, 13. artikuluaren testuaren ordez hau jartzea proposatzen dugu:

“Bildutako funtsak, behin sistemaren kudeaketak dakartzan gastuak ordaindu ondoren,  N-I eta A-15eko errepideen hobekuntza zein mantenurako, eta mugikortasun iraunkorreko politika publikoak finantzatzera eta horien helburuak lortzera bideratuko dira, bere osotasunean. Hain zuzen, kanonaren irabazi garbien %85, gehienez, N-I eta A-15 errepideen mantentze lanak (ohiko zein ezohikoak) zein  hobekuntzak egiteko erabiliko da, eta irabazi garbien %15, gutxienez, garraio iraunkorra bultzatzeko, hala nola garraio publikoaren defizitak finantzatzeko, zein bizikleta bideen eraikuntzarako eta bizikletaren erabileraren sustatzeko.”

Zentzu berdinean, aldaketa klimatikoari aurre egiteko, EH Bilduk beste bi zuzenketa erregistratu ditu, kanona kobratzerakoan ibilgailuaren emisioen EURO kategoria kontuan har dadin.

Horrez gain, 10. artikuluko paragrafo bat kentzea proposatzen dugu, bidesariak kobratzeko zerbitzuaren azpikontratazioari zirrikiturik ez uzteko. Izan ere, EAJ-PSEren aurreproiektuan aukera horri atea irekitzen zaio parez pare.