Gipuzkoarrekiko ardura politikoz negoziatu du EH Bilduk, baina foru gobernuak ez du zaintza eredu komunitarioaren alde egiteko urratsik aintzat hartu. Legealdian zehar negoziaziorako beste talante bat erakutsi beharko luke.
Maiatzeko hauteskundeetan, gipuzkoarrek EH Bildu aukeratu zuten lurraldeko lehen indar gisa, eta egun hartatik politika publikoen norabidea aldatzea eta gobernantza modu ezberdin bat bideratzea izan du helburu. “Gu hori egiten saiatu gara, zintzotasunez eta ardura guztiarekin. Horren lekuko da Foru gobernuak aurkeztutako aurrekontuei ez geniela osoko zuzenketarik aurkeztu”, baieztatu du Maddalen Iriarte bozeramaileak.
EH Bilduren proposamena 5 lan ildotan zehaztuta zegoen: zaintza, bizitzaren garestitzea, politika industriala, lurralde garapena eta euskara. “Ardatz horiek guztiak aintzat hartuta, akordio global bat erdiestea proposatu genion aldundiari”. Herritarren aldetik jasotako mandatuarekiko koherentziaz, zintzotasunez eta ardura politikoz egin ditu proposamenak EH Bilduk: “Horren erakusle da aurrekontu proiektuari osoko zuzenketarik aurkeztu ez izana”.
Izan ere, lan ildo ardatza da zaintza zerbitzu publiko eta komunitarioarena EH Bilduren ikuspegitik. “Zaintza eskubide bat da, eta herritarrei bermatu egin behar zaie, zaintza sistema publiko komunitarioranzko bidean, aurrekontu baten mugen barnean, egin daitezkeen norabide aldaketak proposatu ditugu, beste eredu batera trantsitatzen hasteko”.
Gaur egun, irabazi asmodun entitateek ere badihardute zaintza zerbitzuak kudeatzen, eta horrek zaintzarekin negozioa egiten dela esan nahi du. 2030Erako hori errotik aldatzeko konpromisoa planteatu dio EH Bilduk foru gobernuari. Horrez gain, zaintzaile profesionalen lan baldintzak duintzeko prozesu bat martxan jartzea, eta dependentzia balorazioa egiteko zerbitzua publikoa izatea ere bai. “Guretzako ezinbestekoak ziren neurri guztiei esan diete ezetz”, azaldu du Iriartek.
Aldundiaren borondate falta medio, legealdiko lehen aurrekontuan ez da adostasunik erdietsi, hala ere, arduraz jokatzen jarraituko du EH Bilduk: “Foru gobernuak EH Bildurekin akordioetara iritsi nahi badu, egiturazko akordio politikoak izango dituela mahai gainean, orain izan dituen bezala. Eta argi geratu da gobernantza eredua aldatu egin behar duela, are gehiago, gutxiengoan dagoela aintzat hartuta”.