Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak eta Haritz Perez batzarkideak prentsaurrekoa eman dute Batzar Nagusietan, zerga erreformaren ponentziaren ondorio txostenari EH Bilduk aurkeztuko dizkion zuzenketen inguruan.
Joan den astean, Maddalen Iriartek aurkeztu zituen Gipuzkoako lehen indar politiko gisa EH Bilduk duen ardura politikoaren ariketan baitan antzemanak zituen zuzenketak. “Txostenak ematen ditu adostasunerako aukera batzuk, baina uste dugu zerga sistema justu, progresiboa eta aurrerakoi baten norabidea zehaztu egin behar dela eta era berean jaso egin behar direla txostenak jasotzen ez dituen beste zenbait”, zehaztu du bozeramaileak.
Jasotako azken txostenean, Iriartek adierazitako norabide hori era lausoegian agertzen da, eta EH Bilduk uste du aurkeztuko dituen zuzenketa horiek zehaztu egiten dutela eta horietan ere adostasun zabalak lortu genitzakeela.
Txostenak, diagnostikoaren atalean, autokonplazientea dela deritzo Maddalen Iriartek, eta benetan jendeak dituen beharrei, eskubideei eta lurraldeak dituen erronkei erantzuteko, egoeraren argazki fidela ezinbestekoa dela.
Hala ere, diagnosia autokonplazientea bada ere dokumentuak oinarri egoki bat jartzen du gure gizartearen hainbat desafiotan, hala nola: etxebizitzaren politikak aldatu beharra nabaria da, eta horrekin lerrokatuta zerga politika ere, behingoz alokairua sustatu dezagun eta euskal zein Espainiako etxebizitza legeak garatu daitezen; bestalde, genero arrakalari aurre egiteko zerga sistemaren ebaluazio oso bat beharrezkoa dela ere jasotzen da. “Ezinbestekoa ikusten dugu guk ere puntu hau”, gehitu du Iriartek.
Haritz Perez batzarkidea bihar EH Bilduk aurkeztuko dituen zuzenketen inguruan aritu da. Perezen esanetan, eta Iriarte adierazi bezala, gure zuzenketen helburua dokumentua hobetzea izango da:
- Progresibitatea handitzea. Horrek errenta baxuenei zergak jaistea ekarri behar du, baina baita errenta altuenei igo ere, Nafarroan egiten den bezala.
- Errenta aitorpena herritar guztiek egiteko bideak zabaldu behar direla dio batzarkideak. “Oraingoz, hainbat laguntza publiko laguntza fiskalen bidez ematen direlako eta errenta baxu eta ertainak dituztenek edo errenta aitorpena egiten ez dutenek ezin dituztelako jaso. EH Bildun eskubide subjektiboetan sinisten dugu: laguntzak erabakitzerakoan pentsatu behar da zein den modu efizienteena horiek emateko, eta, efizienteena errenta kanpainan ematea bada, herritar guztiek izan behar dute horiek jasotzeko aukera”.
- Enpresek gero eta gehiago irabazten badute ere gero eta gutxiago ordaintzen dute sozietate zergan, eta hori orekatzeko beharra ere kontsentsu bat izan da. Enpresei, urteen poderioz, zerga bidezko diru-laguntza ezberdinak eman dizkiete, eta, gaur-gaurkoz, irabaziak dituzten enpresek ez dute ordaintzen neurri horien bidez ordaindu beharko lituzketen zergen erdia ere.
- “Txostenean jada jasotzen da, eta ados gaude, enpresei ematen zaizkien kenkari horien guztien inpaktuaren balorazio oso bat egin behar dela. Funtsezkoa iruditzen zaigu politika publikoen ebaluazio jarraitu bat egitea, eta kasu honetan, gure ustez, ebaluazio hori amaitutakoan planteatu beharko litzateke gaur egungo erronkei erantzuteko sozietateei zein laguntza mantendu behar diegun eta zein kendu edota zein gehitu, baita kenkari edo dirulaguntza zuzen bidez izan behar duen, baina ez lehenago”, gehitu du Perezek. Eta horri lotuta doa berrazterketa hori egitean enpresa txiki eta ertainen errealitatea aztertzea, oraindik ezin baitira laguntza horietariko batzuetara iritsi.
- Era berean, EH Bilduri iruditzen zaio enpresek, pertsonek bezala, duten irabazien arabera progresiboki ordaintzeko bidea egiten hasi beharko luketela, eta, nolanahi ere, Europak ezarritako norabidean irabaziak dituzten enpresek tipo minimo efektibo bat ezarri behar zaiela, hori gutxienez ordain dezaten.
Bukatzeko, EH Bilduren nahia kontsentsuetan sakontzea da, eta gipuzkoarren onurarako fiskalitate berri honek bizi dugun egoerari erantzuteko eta norabidea zehaztea ezinbestekoa dira.