AKTUALITATEA


| 2025-01-08 14:37:00

Azken urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak irabazi asmori gabeko eta osotasunean bereak diren hainbat fundazio eratu ditu, herrialdeak dituen erronkei aurre egiteko politika estrategikoak bideratu eta martxan jartzeko. Fundazio horietako zenbaitetan (Bidegi, Etorlur, Kabia, Izfe) Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztietako ordezkariak daude; azken bi legealdietan eratutakoetan (Adinberri, Ziur, Natur Klima, Basotik eta Mubil), ordea, gobernua osatzen duten alderdietako ordezkariak bakarrik daude.

 

Duela bi legealdi sortutako zenbait fundazio “Foru Gobernuak alde bakarrez eta Batzar Nagusiei informazio hutsala emanda martxan jarri zituen, inolako kontraste eta elkarbanatzerik egin gabe”, adierazi du Estitxu Elduaien EH Bilduren batzarkideak.

 

Orduan hasitako bideari jarraitu dio egungo aldundiko gobernuak, nahiz eta bestelako diskurtsoak egin dituen publikoki. “Hemen ordezkatuta gauden alderdi guztiok, gutxi-gora behera, egoeraren eta lurraldearen erronka nagusien inguruko diagnosi bertsua egin dugu eta egiten dugu: zaintza, trantsizio ekosoziala eta trantsizio digitala aipatzen ditugu lehentasunezko desafio gisa, eta gai horietako politiketan gutxieneko bat-egite bat beharrezkotzat jotzen hasi da orain Eider Mendozak zuzentzen duen foru gobernu berria”, adierazi du Elduaienek. EH Bilduk bat egiten du egiteko modu horrekin, beti ere, berdinetik berdinera eta kooperazioa egiten bada. “Eta, horretarako, ezinbestekoa da informazioa eta gardentasuna. Gai estrategikoetan gutxienekoak adosteko, beharrezkoa da alderdi guztiek informazio bera edukitzea”.

 

Hori horrela, EH Bilduk eskatu du aldundiak osoki finantzatzen dituen elkargoetan historikoki egin duena fundazio berrietan ere egitea, hau da, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten batzarkide-taldeen ordezkaritza bermatzea diputazioaren fundazio guztietako zuzendaritza organoetan.

 

Gutxiengoan gotortuta egotea leporatu dio Elduaienek Foru Gobernuari: “Beste adibide kezkagarri bat da: bakartuta, gotortuta, opakotasunez eta elkarlanerako inolako asmorik gabe ari zaretela ulertzen dugu beste behin. Ganbera honetan onartzen diren ebazpen proposamenei erakusten diezuen errespetu falta berberarekin ari zarete orain, ganbera honen informazio eta kontrol eskubideari trabak jartzen”.