AKTUALITATEA


| 2025-03-05 14:33:00

Legealdiaren hasieratik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanpostu publikoen euskara eskakizunen aurkako sententziak bata bestearen atzetik etorri dira. Eta guztiek eragozten dute euskararen normalizazioa eta urratzen dute herri honetan urte luzez harilkatutako kontsentsu zabala. Epai horien ikuspegi orokorra murriztailea da eta araubide osoa eta euskararen normalizazio prozesua auzitan jartzen dute.

“Euskararen erabilerarako sarbideak segurtasun juridikorik gabe geratzen ari dira eta baieztapen hau ez da hutsala, izan ere eta hori horrela da sententzia guztiek elementu komun bat dutelako: gaztelaniaren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik”, azaldu du EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek.

Eta honek dakar hizkuntza politika une honetan epaileek hartu dutela bere eskumen gisara, batez ere, Euskal Herrian. Eta atzo bidezkoa zena ilegala da orain arrazoi guztietarikoak mahai gaineratuz. Beraz hizkuntza politikak egon behar du beti egon den tokian herritarrek aukeratutako legebiltzarretan eta haien ondorioz sortutako gobernuetan, ez epaitegietan”, aldarrikatu du Iriartek.

Euskal Herrian ardura indibidualak, herrigintzak, eragileen lanak berebiziko garrantzia izan du gauden honetara iristeko, ezinbestekoa da hau guztia erakundeekin batera berruztartzea eta elkarlana areagotuz, biziberritze baterantz abiatzea.

Horregatik euskararen biziberritzerako politika publikoak berme guztiekin garatzeak duen garrantzia ikusirik eta une erabakigarrian gaudela jakitun izanik proposatu du EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur onartu denak, alegia, euskarari segurtasun juridikoa emango dioten beharrezko lege-aldaketak eta hizkuntza-politikan jauzi bat emateko behar diren tresna juridiko berrien garapenaren alde lan egin dadin.