AKTUALITATEA


| 2026-03-16 12:31:00

 

Ezker subiranistak ohartarazi du doako tresna publiko batek ezin dituela erabiltzaileak beste plataforma batzuk erabiltzera bultzatu, ezta arrakala digitala handitu ere.


EH Bilduk ebazpen proposamen bat aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, FakturaBAI tresnaren hainbat gabezia zuzentzeko eta autonomoen zein enpresa txikien eguneroko lana errazteko. EH Bildu batzarkide taldeko kide Haritz Perezen arabera, egun, Foru Aldundiak eskaintzen duen doako tresna publikoa baliagarria eta beharrezkoa da, baina baditu hobetu daitezkeen hainbat gabezia.


Batetik, administrazio publikoei zuzendutako fakturen formatuari lotutako zailtasunak daude. Izan ere, egun, faktura horiek .xml formatuan bidali behar dira, baina FakturaBAI aplikazioak ez du aukera hori zuzenean ematen. Horrek erabiltzaile asko eFaktur bezalako beste plataforma batzuk erabiltzera behartzen ditu, eta, ondorioz, fakturazio prozesua konplexuago bihurtzen da. EH Bilduren iritziz, administrazioak eskaintzen duen tresna batek ezin du erabiltzailea oinarrizko izapide bat egiteko beste sistema batzuetara bideratu.


Bigarrenik, fakturen sinadura-prozesua errazteko beharra ikusten du ezker subiranistak. Faktura bakoitza banan-banan sinatu behar izateak karga administratibo handia suposatzen du, batez ere egunero faktura ugari sortzen dituzten jardueretan, eta beraz, egun berean sortutako faktura guztiak batera sinatzeko aukera ematea proposatzen du EH Bilduk.


Hirugarrenik, EH Bilduk nabarmendu du, egun Faktura Baik, ez duela aukerarik ematen fakturak zuzenean aplikaziotik bertatik bezeroari bidaltzeko. Eta Perezen esanetan, hori ezinbestekoa da gutxieneko erabilgarritasuna bermatze aldera.


EH Bilduk proposatutako neurri sortaren helburua da egun indarrean dagoen tresna publikoa erabilgarriago egitea, eta eskuragarria gure lurraldeko ehun ekonomikoa osatzen duten autonomo eta enpresari txiki guztientzat.