Gaur eguerdian amaitu da epea EH Bilduren Gipuzkoako Idazkaritza bozkatzeko eta proposamenak bilkideen %96,12aren babesa jaso du. Botoa emateko eskubidea duten bilkideen %1,19k kontra bozkatu du eta %2.69 boto zuri jaso dira. Hortaz, Gipuzkoako Mahai Politikoak egindako proposamena berretsi egin du oinarriak.
Nekane Zinkunegi Barandiaran Gipuzkoako arduradun politikoarekin batera osatuko dute Idazkaritza Zelai Amenabarro Goikoetxea Politika Instituzionaleko arduradunak, Lore Agirre Zipitria Eraketa arduradunak, Jon Zulueta Berastegi Udalgintza arduradunak eta Saioa Rodriguez Andueza Komunikazio arduradunak. Maddalen Iriarte Okiñenak eta hiriburuko, Donostiako, arduradun politikoak osatuko dute Idazkaritza. Lehena berezko kidea da Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea delako eta bigarrena bilkideek hautatuko dute prozesu propioa egiten denean. Beraz, hiriburuko, arduraduna hautatzeke, une honetan bost emakume eta gizon bat daude idazkaritza hautatu berrian eta batez besteko adina 45 urtekoa da.
Bestalde, III. Kongresuan onartutako Ponentzian eta Estatutuetan ezartzen denez, Herrialdeko idazkaritza izango da zuzendaritza organoa, baina herrialdeko bilkideek hala erabakitzen badute, Herrialdeko Mahai Politikoa eratu ahal izango dute. Eta proposamen hori ere bozkatua izan da azken hiru egunetan eta bilkideen %92,88aren babesa jaso du. Kontra bozkatu du bilkideen %2.11k eta %5,01 boto zuri jaso dira. Hortaz, Gipuzkoak bi ganberako zuzendaritza ereduaren alde egin du. Datozen asteotan abian jarriko da Gipuzkoako Mahai Politikoa osatzeko prozesua eta orduan Donostiako arduraduna ere hautatuko da.
Bitartean honako hauek osatuko dute Gipuzkoako Idazkaritza:
Nekane Zinkunegi Barandiaran. Errezil, 1990.
Kazetaria da. Paperezko eta ikus-entzunezko euskal komunikabideetan lanean aritutakoa. Hainbat mugimendu politikotan ibilia, uneotan, Errezilgo Udaleko zinegotzia. 2021eko kongresuaz geroztik, EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoa da.
Maddalen Iriarte Okiñena. Donostia, 1963.
Kazetaria eta telebistako aurkezlea da. Hainbat euskal hedabideetan aritua, tartean, 30 urtez EiTBn. Eusko Legebiltzarreko bozeramalea izan zen 2016tik 2023ra. Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramale da 2023az geroztik.
Lore Agirre Zipitria. Tolosa, 1984.
Enpresa administrazio eta zuzendaritzan lizentziatua eta irakaslea. da. Proposatua den ardura betetzen du 2019az geroztik. 2011 eta 2019 artean Tolosako Udaleko zinegotzia izan zen.
Zelai Amenabarro Goikoetxea. Legorreta, 1985.
Itzulpengintzako ikasketak ditu eta une honetan Gizarte Hezkuntzako gradua amaitzen ari da. ‘Berria’ egunkarian zuzentzaile eta itzultzaile aritu zen 2008 eta 2018 artean. Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren batzarkidea eta mahaiko lehendakariorde bigarrena da 2023az geroztik. Legorretako alkatea izan zen 2015 eta 2023 artean.
Jon Zulueta Berastegi. Andoain, 1975.
Marketin eta publizitateko teknikaria da. Andoainen zinegotzi izan zen 2015etik 2023. urtera bitarte.
Saioa Rodriguez Andueza. Hernani, 1975.
Kazetaria formazioz, euskalgintzako hainbat erakundeetan ibilia da komunikazio arduradun lanetan. 2019tik 2023ra bitarte komunikazio aholkularia izan zen Arrigorriaga, Bergara eta Debako udaletan. 2024. urteaz geroztik EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailearen ondokoa da.