Euskal Herria Bildu Gipuzkoako Foru Gobernuarekin bildu zen atzo, 2025. urteko aurrekontuen negozioaren baitan. Bilera horretan, EH Bilduk egindako proposamenari gobernuak ez zion erantzun eta beste proposamen bat jarri zuen mahai gainean, oposizioko beste bi alderdiei aurkeztutako berbera. Egoera horretan, EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile Maddalen Iriartek eta arduradun politiko Nekane Zinkunegik gaur goizean egindako agerraldian adierazi dute koalizio subiranistak osoko zuzenketa egingo diola aurrekontu proiektuari, negoziazioari atea zabaldu baino lehen itxi diolako foru gobernuak.
Atzoko bileran aldundiak ez zion EH Bilduk egindako proposamenari erantzun eta beste proposamen bat jarri zion mahaiaren gainean, haren hitzetan, oposizioko hiru alderdiei aurkeztu zien dokumentu bera. Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailearen esanetan, talde subiranistari onartezina iruditzen zaio oposizio guztia berdin tratatzea, ordezkaritza maila hain ezberdina izanda. Foru gobernuak uste badu horrelako akordio batean EH Bildu eta PP batera daitezkeela oso oker dagoela ere adierazi du: “Argi dago azaleko kontuak bakarrik jaso dituela eta ez dela muineko edo egiturazko edukietan sartu eta ez diola erantzuten EH Bilduren proposamenari, inondik inora”. Hain zuzen, EH Bilduk egiturazko aldaketetarako proposamenak egin ditu aurrekontuen negoziazio honetan, hala nola, zaintzen prestaziotik irabazi asmoa ateratzea eta doakotasunerako urratsak egitea. Gipuzkoako herritarren babeserako sistema herritar gehiagorengan eskura jartzeko proposamena egin zuen.
Iriartek adierazi du Foru gobernuak ezetza eman diola gipuzkoarren onura dakarren egiturazko proposamen horri, eta, beraz, bizkar eman dio gizarte babeserako sistema herritar gehiagoaren eskura jartzeko aukerari. “Gaur PPk aurrekontuari babesa emango diola adierazi izanak, argi utzi digu atzoko proposamenak dekantazio bat bazuela hasieratik. Aurreko egunetan eta atzoko bileran bertan genituen zantzuak berretsi ditugu. Alegia, foru gobernuak ez duela EH Bildurekin negoziatzeko borondaterik izan”.
EH Bilduk zaintzan egin dugu indarra, eta gobernuak atzoko bileraren aurretik ere esan zuen ez direla posible, zaintza paradigma aldatzen delakoan. Eta “hori ez da egia. Urrats bat litzateke une hori iristen denerako. Negoziazioaren atea zabaldu aurretik itxi egin du”.
Egoera horren aurrean, Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoak adierazi du eskuinaren oldarraldi betean gauden garaian, herrialdean erabat erresiduala den alderdiari aurrekontu batzuetan halako erabakigarritasuna eta dimentsioa ematea ez dela onargarria. “Kalte egiten die gipuzkoarrei, eta, oro har, gure herriari. Gutxiengo bat ordezkatzen duen PPk eskatu dion esklusibitatea onartu eta herrialdeko lehen indarra den EH Bilduren elkarlanerako jarrera aintzat hartu gabe, anomalia politiko bati bide ematen ari da EAJ-PSEren foru gobernua”.