AKTUALITATEA


| 2026-01-13 10:07:00

Ezinbestekoa da errepideetan sortzen diren oztopoak ahalik eta denbora laburrenean erretiratzea, gipuzkoarren bide segurtasuna bermatu, eta egunerokoa erraztek. Horretarako, EH Bilduk aurkeztutako ebazpenaren bitartez, Aldundiari eskatuko zaio aukera tekniko berriak eta jarduteko eredu eraginkorrak martxan jar ditzala.


EH Bilduren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek bihar egingo duten osoko bilkuran Foru Aldundiari eskatuko diote mekanismo eta protokoloak berrikusi eta indartu ditzala, istripu edo matxuren ondorioz errepideak blokeatzen dituzten ibilgailuak ahalik eta denbora laburrenean erretiratzeko.


Ezker subiranistaren ustez, N-1ean ez ezik, baita Gipuzkoako beste hainbat errepidetan ere egunerokoak dira istripu edo matxuren ondorioz sortzen diren auto-pilaketak. “Egoera hauek ez dira unean uneko eragozpen hutsak; arrisku zuzena dira bide-segurtasunerako, eta gipuzkoar askoren eguneroko mugikortasunean eragin zuzena dute”, adierazi du EH Bilduren batzarkide Oskar Bordesek.

Azpimarratu du, zentzu horretan, funtsezkoa dela auto edo kamioi batek errepidea blokeatzen duenean ahalik eta azkarren jardutea, trafikoa arintzeko eta bigarren mailako istripuak saihesteko: “Ibilgailu horiek berehala erretiratzea ezinbestekoa da segurtasuna bermatzeko eta pilaketak ez luzatzeko”.

Bide horretan, EH Bilduren ekimenez, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatuko diote bederatzi hilabeteko epean, aukera tekniko berriak eta jarduteko eredu eraginkorrak azter ditzala, eta horiek praktikara eramateko pausoak eman ditzala, errepideetan sortzen diren oztopoak ahalik eta denbora laburrenean kentzeko.


EH Bilduren arabera, gipuzkoarren segurtasuna eta eguneroko mugikortasuna daude jokoan, eta erakundeek erantzun eraginkorrak eman behar dizkiete herritarren eguneroko arazoei.