Enpresek Euskal Herrian errotuta jarrai dezaten ezinbestekoa da apustu politikoa instituzio publikoen bidez. Horietako bat da Ayesa, industriarentzako edo administrazioentzako zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituen enpresa handi bat Euskal Herrian errotuta egon dadin esku hartu behar da EH Bilduren iritziz.
Joan den abenduaren 4an, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak baieztatu zuen Ayesaren dibisio teknologikoa erosiko duela euskal partzuergo batek, Eusko Jaurlaritzak, BBK Fundazioak eta Kutxabankek (Indar funtsaren bitartez) osaturikoak. Ibermaticak Donostian eta Zamudion dituen egoitzak barne hartuko ditu erosketa operazio horrek.
Partzuergoarekin esklusibotasun akordioa sinatuta, nazioarteko hainbat inbertsio funtsek eginiko eskaintzak baztertu zituen Ayesak. Ibermaticaren errotzea bermatzea gako ikusi dute hiru entitateek, eta EH Bilduk bat egiten du errotzeko apustuarekin, besteak beste, Ayesak 2.000 langile inguru dituelako Euskal Herrian. “Eusko Jaurlaritzak operazioaren inguruan egindako kudeaketa komunikatiboa egokiena iruditu ez bazaigu ere, operazioaren helburua positiboa da, zalantzarik gabe”, EH Bilduren Garapen ekonomikoa, enplegua eta industria idazkari Ander Goikoetxearen hitzetan.
Egoera honetara ekarri gaituzten erabakien inguruko kritika bat ere egin beharra dagoela nabarmendu du Goikoetxeak. “Ayesak Ibermatica duela 3 urte erosi zuenean egin zitekeen operazio hau bera, orduan Kuxabankek bere % 15 saldu zuen. Edo are gehiago 2012 eta 2013 arteko arora itzultzen bagara zerbait egin zitekeen orduan puntakoa zen enpresa teknologiko baten errotzeari eusteko”, azaldu du.
Gaur egun Ayesa IT ez da bere sektorean puntakoa den konpainia bat eta litekeena da zailtasunak izatea errentagarritasun argi bat lortzeko une honetan. Baina digitalizazioaren sektorean Euskal Herrian dugun enpresarik handiena da, hurrengoarekiko alde handiarekin. EH Bilduren ustez datozen urteetan sektore publikoaren eta industriaren digitalizaziorako palanka garrantzitsua izan daitekeen enpresa bat da. Burujabetza teknologikorako erreminta garrantzitsu bat.
“Poztekoa da, beraz, kudeaketarako erabakimena Euskal Herrian egoteko apustu politiko eta ekonomikoa egin izana. Baina hurrengo hilabete eta urteetan jauzi kualitatibo baten beharra izango du sektorean lidergoa hartzeko. Uste dugu administrazioak, finantza erakundeek eta bestelako aktore industrialek apustu sendo bat egiten badute datozen urteetan konpainia teknologiko hau itzuli daitekeela lidergo teknologikoa berreskuratzera”, azaldu du Ander Goikoetxeak.
BBK-k eta Indarrek ehuna milioi euro jartzea aurreikusi dute operazioan, eta Jaurlaritza izango da gainerakoa jarriko duena. Bazkide berriak lortzeko atea irekita dago, ordea, besteak beste, Gipuzkoako Kutxa Fundazioak ere bat egin dezakeelako. Aurrerapauso oso esanguratsua litzateke; izan ere, Ibermatica orduko aurrezki kutxek eta tokiko industriak sustatuta sortu zuten, 1973an, Donostian.
Kutxa Fundazioaren sorrera helburuekin bat egingo luke, gainera, Gipuzkoako industriaren aurrerapenerako egindako inbertsioa izango litzatekeelako eta lurraldeko ekonomiari ekarpen onuragarria egingo liokeelako. Ondorioz, espero dugu Kutxa Fundazioak ere operazioarekin bat egitearen aldeko erabakia hartuko duela, hori izango litzateke Gipuzkoarako eta gipuzkoarrentzako egokiena.
Azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzak eta finantza erakundeek, aldaketa bat egin dute, gure ustez norabide onean, instituzio publikoek merkatuan esku hartzeko ekimena berreskuratuz. Talgoren operazioarekin, kasu. Beraz, espero dugu une honetan hizketagai dugun Ayesaren kasua ere bide horretan gauzatzea.