Joan den ostiralean aurkeztu zizkion EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari garaiak eskatzen dituen erronkei aurre egiteko proposamenak. Egun, EH Bilduk oso urruti ikusten du kontuen inguruko akordioa, baina bere esku dagoena egingo du ezinbestekoak diren eraldaketak bideratzen hasteko.
Herritarrek emandako konfiantzari erantzunez, EH Bilduk ausardia eskatzen dio aldundiari, aurrekontuen bidez gipuzkoarren bizi baldintzak eta lurraldearen aukerak bermatzeko eta erronka nagusiak birbideratzeko, baina egun urruti dago ezinbestekoak diren eraldaketak bideratzen hasteko. Aldundiak ausardia hori erakusten ez baldin badu, ondorioztatzen da kontinuismoaren alde egin duela eta hori babestuko duen adostasun errazago bat lehenesten ari dela.
EH Bildu ez dago hobekuntza kosmetikoen konplize izateko: “Guk jauzi kualitatibo bat egiteko ekarpenak egin ditugu, eta hortan segitzen dugu”. Aurrekontu partidetan islatu beharreko egiturazko aldaketez gain, aurrekontuaren epealdia gainditzen duten konpromiso politikoak ere jarri ditu mahai gainean EH Bilduk. Besteak beste, denon eskubidea den zaintzaren ingurukoak, eskubidea den neurrian, eta ezin baitu irabazi asmorik onartu eskubide hori gauzatzeko unean. Zaintzaileen lan baldintzak duintzea ere bazter utzi ezin daitekeen konpromiso politikoen artean dago.
Esan bezala, distantzia handia dago Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutakoaren eta herritarrek dituzten beharren artean, eta EH Bilduk dio, lurraldeko lehenengo indarra den heinean, distantzia hori herritarren mesedetan urritu dadin lanean jarraituko duela.
EH Bilduk dagoeneko iragarria duen bezala, 5 ildo nagusiri buruzko negoziazio globala aurkeztu dio aldundiari, eta hori izango da negoziaziorako datozen asteetarako jokalekua.