AKTUALITATEA


| 2025-06-20 14:44:00

Euskal Herriko, eta kasu honetan Gipuzkoako, egoera politikoaren irakurketa ezinbestean egin behar da testuinguru orokorra aintzat hartuta. Hori horrela, eta lehenago ere esan duenez, EH Bilduren iritziz momentu garrantzitsua bizitzen ari gara, une honetan inflexio puntua bizi dugu eta trantsizio handiei aurre egiteko prest egon behar dugu.

Batetik, nazioarteko ordena berri baten aurrean gaude. Bestetik, gizartearen zahartzeak eta migrazio fluxuek eragindako bilakaera demografikoari erantzun beharko zaio; adimen artifizialaren hedapenak ere egoera berri bat jarriko digu aurrean eta zer esanik ez, klima larrialdia eta horretatik eratorritako ekonomia eta gizarte aldaketak.

Horren parean, Euskal Herrian gure ongizate sistemari eusten dion industria ekonomian ezegonkortasun zantzuak ikusten ari gara. Hizkuntza eta kultura gutxiagotuak ditugu. Burujabetza material eskasa dugu eta erakunde sistema zaharkitua. Baina, aldi berean, tradizio komunitario handiko herria da gurea, historikoki gizarte zibil antolatuak ekimen ugari gauzatu ditu. Baldintza eta ezaugarri propio horietatik abiarazi daiteke etorkizuna eraikitzeko eskala handiko erreakzioa.

Aurrera begira jarrita, eta Gipuzkoari erreparatuta, Gipuzkoako arduradun politiko Nekane Zinkunegik azaldu duenez, “ortzi-mugan aurreko hauteskunde zikloan lortutako emaitzak hobetzea dugu. 2023. urteko udal eta foru hauteskundeetan lehen indarra izan zen EH Bildu Gipuzkoan eta ondoren egin diren bozetarako deialdi guztietan sakondu du joera horretan”. Ildo horretan, gobernantza ereduari ere egin dio erreferentzia Zinkunegik: “Garai berriak datozkigu eta horietara moldatzeko unean, gobernantza moduak ere eskatzen du aldaketa eta akordioetarako bideak urratzea”.

Legealdi erdiko testuinguruak bi urte hauen balorazioa egiteko zorua ere jarri du. Gipuzkoako foru gobernuak, ez dio egoerari erantzun behar den neurrian. Ez du elkarlanerako jarrera praktikori erakutsi. Hauteskundeak irabazi ondoren, gobernagarritasunerako gutxieneko akordiorako eskaintza egin zien EH Bilduk. Aitzitik, “EAJk eta PSEk beren gobernu akordioa lehenbailehen itxi eta alderdi popularrari batzar nagusien mahaian ordezkari bat emanda, Eider Mendoza PP-ren babesarekin ahaldun nagusi izendatzea hobetsi zuten”, azaldu du arduradun politikoak.

Herritarrek hauteskundeen bitartez emandako posizioari arduraz erantzunez, agenda politikoa markatzera bideratu du EH Bilduk Batzar Nagusietako jarduna. Gehiengo alternatiboak lideratu eta Batzar Nagusietan mandatu kualitatiboak erdietsi. Ildo horretan, hainbat adibide jarri ditu Zinkunegik mahai gainean. Besteak beste, herri txikien finantziazioan salto bat egin eta 1994az geroztik zegoen desoreka amaitzeko akordioa; garraio publikoa egungo beharretara egokitzeko neurriak, zaintza publiko eta komunitarioaren bidean pausoak emateko neurriak, hondartzen kudeaketa integrala aldundiak bere gain hartzeko akordioa; estatusaren edota erabakitze eskubidea egikaritzearen bueltako mozioak edota lan eskaintza publikoetako hizkuntza eskakizunen berme juridikoaren bueltako ebazpena.

Zinkunegik gogora ekarri du, gutxiengoan gotortutako EAJ-PSEren gobernuak behin baino gehiagotan egin diela entzungor Batzar Nagusien mandatuei, “zerga erreformarako ponentziaren ondorioetatik foru araura egon den aldea izan daiteke adibiderik nabarmenena”, gehitu du.

Bi hitzetan laburbildu du foru gobernu honen legealdi erdiko jarduna: noraeza eta paralisia. Gobernua ezaugarritzen duen proiektu izarrik ez dauka. Gainera, bi bazkideen artean desadostasunak ere ageri dira; hala nola, estatusa, erabakitze eskubidearen inguruan edota AHT-arekin.

Hori bera errepikatzen da hiriburuan ere. Hor, gainera, ageriak dira agortze zantzuak Zinkunegiren hitzetan. “Interes orokorraren ordez, donostiarren kaltetan ari da. Ez die gaur egun parean dituen lehentasunei eta herritarren beharrei erantzuten, etxebizitzaren gaian, mugikortasun eta trafiko arazoekin edota turismoan. Azken honetan, neurri gabeko turismoa sustatzen ari da, ikusi besterik ez dago aste honetan bertan Donostiara etorri den kruzeroa. Bestetik, Eneko Goia eta haren gobernua etorri dira EH Bilduk markatutako bidera. Denborak eta gobernuak arrazoia eman diote EH Bilduri”, gehitu du Zinkunegik.

Horren parean, EH Bilduren alkatetzak egiten ari diren lanari balio eman dio, izan ere, “gizarte kezken aurrean eredu izaten ari dira”, esan du arduradun politikoak eta adibide batzuk ere jarri ditu. Orereta izan zen eremu tentsionatuaren izendapena jaso zuen lehen herria. Azpeitia etxebizitza hutsak mobilizatzeko kanonaren tresna baliatu duen lehena. Zumaiak etxebizitza turistikoak erregulatu eta lehen urtearen balantze positiboa egin du. Usurbilek Europa mailako aitortza jaso du, Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen sariketan zilarrezko saria eskuratuta.

Badugu egiteko modu bat: jendearekiko loturak babesa eta konfiantza eragiten du”. 2027ari begira, “jaso dugun boto kopuruaren neurriko arduraz arituko gara, sekulako erronkak baititugu”, azaldu du Zinkunegik eta hau gehitu: Mugarri bat izango da, Gipuzkoan eta harago, jaso dugun babes herritarrak lur har dezan, eta goragoko gobernantza eskaletara igotzeko zubia”, borobildu du.

Datozen hilabeteetan, beraz, orain arte Gipuzkoako eragile, enpresa eta erreferenteekin dugun harremana mantendu eta areagotuko dugu, diagnostikoa partekatu eta sinergiak bilatzeko.