AKTUALITATEA


| 2019-12-18 12:40:00

Donostiako eta Gipuzkoako EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute gaur. Bertan izan dira Juan Karlos Izagirre eta Estitxu Elduaien Gipuzkoatik, eta Reyes Carrere eta Ricardo Burutaran Donostiatik.

 

Guztiek adierazi dute EAJ negoziatu duenaren itxura ematen saiatu dela hedabideetan baina Izagirreren hitzetan, “ez dute elkarrizketarik bultzatu, eta ez ditu kontutan hartu egindako ekarpenak. Eta kezkatzen gaitu, kezkatzen gaitu aurrekontuak osatzeko elkarlanik egon ez izanak, adosteko borondaterik egon ez izanak eta alderdien arteko interlokuziorik egon ez izanak”.

 

Izagirrek gogorarazi du EH Bildu lehen indar munizipalista dela Gipuzkoan: “Esan beharrik ez dago Aldundiaren erabakiek eta aurrekontuek eragin zuzena dutela herritarrengan eta baita Udalek gauzatu beharreko kudeaketan eta argi adierazi behar dugu EAJ-PSOEk baztertu egin dutela lehen indar munizipalista. Horrela egin zuten datozen lau urtetarako Plan estrategikoan eta horrela egin dute 2020rako aurrekontuetan”.

 

Aurrekontuek ez dietela Gipuzkoak dituen erronkei erantzuten esatean, Izagirrek zehaztu du egoitzetako gatazka konpontzeko dirurik ez dela jarri, zaintza mundua duintzeko ere ez, etxez etxeko zerbitzuko laguntzak ez direla igo nahi izan, berdintasuneko partida ere ez dela behar adina igo, klima aldaketari aurre egiteko dirurik ez eta iruzur fiskalari aurre egiteko 100 langileren kontratazioari ere uko egin diotela Aldundiko EAJ eta PSEk.

 

Gipuzkoako aurrekontuetan, EH Bilduk eginiko proposamen guztietatik, 133 zehazki, soilik 6tan jaso du erdibideko bat lantzeko oniritzia, 915 milioi euroko aurrekontuan 370.000 eurora mugatzen direnak, aurrekontuaren %0,04 baino ez.

 

Donostiako kasuan, desorekak gainditzeko helburuarekin aurkeztu zituen EH Bilduk bere osoko zuzenketa eta bere 86 zuzenketa partzial. Carrerek adierazi du “EAJk eta PSEk baztertu egin dituztela EH Bilduk aurkeztutako proposamen nagusiak. Gizarte-larrialdietarako partida batzuk baino ez ditugu lortu, Eneko Goiaren gobernuak oraindik gabezia handiak dituen esparru batean, alegia. Eta beste aldetik, herritarren presioaren ondorioz, Gobernuak bi eskaera zehatz onartu behar izan ditu, hala nola Matigoxotegiko futbol zelaia berritzea eta Pikabea-Oletan irisgarritasuna hobetzea eta puntu kritikoak kentzea. Bi partida hauek bihar onartuko dira EH Bilduren ekimenez”.

 

Gaineratu du Eneko Goiak aurkeztu dituen aurrekontuek gaur egun Donostian dauden desoreka sozialak, ekonomikoak eta auzoen artekoak areagotuko dituztela. “2020rako proiektua aurreko urtetako aurrekontuen ildo beretik doa: ez dituzte egindako akatsak onartu eta egiturazko desorekak zuzentzeko ez da proposamenik egiten.

Donostian ostegunean egingo da aurrekontuak onartzeko Osoko bilkura eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, ostiralean. Adierazitako guztia kontuan izanik, bi kasuetan EH Bilduk kontra bozkatuko du.