AKTUALITATEA


| 2025-04-09 11:23:00

Osoko zuzenketa aurkeztu dio EH Bilduk Gipuzkoako foru gobernuak aurkeztu duen fiskalitatearen inguruko foru arau proposamenari. Lehenago ere esan du EH Bilduk, herri honek aurrean dituen erronkei erantzuteko moduko fiskalitatea behar dela, beraz, gaur egungo arauak erroko aldaketa behar duela.

 

Ziklo ekonomiko berri baten aurrean gaude, itxura guztien arabera ongizate eredu berri bat eskatuko duena, ahal dugun tamainan orain artekoa hobetuz. Eta honek eskatzen du kontratu sozial berri bat, “txikitik, gurea bezalako herri txiki batetik lidergoa hartuz, inertziak baztertuz, inertziak kudeatzeari utziz eta beti jendartea babestuz, herritarrak erdigunean jarrita. Eta fiskalitatearen helburu nagusiak izan behar luke sektore publikoari bere jarduerak finantzatzeko behar dituen baliabideak ziurtatzea”, azaldu du EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek.

 

Aitzitik, PNV eta PSEren foru gobernuak aurkeztu duten proposamenak ez dio horri erantzuten EH Bilduren ustez. Eta “aukera galdua da. Doikuntza fiskal bat, benetako aldaketa fiskal sakon bat egiteko ardurari muzin egin diotena. Kenkari zerrenda populista bat da, herritarrei eta herrialdeari segurtasuna bermatzen ez diena”, Iriarteren hitzetan.

 

Atzera begiratu eta, Maddalen Iriartek gogora ekarri du 2024ko uztailean EH Bilduk, EAJk eta PSEk erdietsitako akordioa. Eta zehaztu du, “akordio hark bai, maila handi batean horiei guztiei erantzuteko bide ematen zutela sinetsita geunden eta gaude. Gure ustez akordio hori oinarri gisa egokia zen politika fiskal egoki baterako, gure ustez determinanteak direni elementuak jasotzen zituelako. Foru arauak ez du zer ikusirik akordio harekin, bere izpirituarekin eta batez ere ez ditu jasotzen, fiskalitate justu eta progresibo bat marrazteko ezinbesteko ardatzak”.

 

Gobernuaren koherentzia falta ere aipatu du Iriartek bere hitzartzean, “izan ere, uztailean ona zena, babestu genuena, ahaztu egin duzuelako, foru arauak ez baitu han jasotakoa barnebiltzen”, esan die.

 

Bestetik, salatu du akordioa bere horretan helburu bihurtu duela gobernuak, eta horren ondorioz, edukiak, herritarrak, norabidea eta helburua bera bidean ahaztu izana. “Gobernu gotortu bat akordio baten bila baina ezer aldatzeko prest egon gabe. Ez behintzat egiturazko ezer. Adostasun bat lideratzeko gai izan ez dena”, borobildu du.