AKTUALITATEA


| 2024-01-25 15:03:00

Asteartean Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak adierazi zuen Artaxoako Ecofert Sasoain enpresak Zubietatik lixibiatu «ekotoxikoak» jaso zituela, horiek hartzeko baimenik izan gabe.

 

Salaketa horren aurrean, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatuak prentsaurrekoan adierazi zuen “oinarririk gabeko” azalpenak zirela eta ukatu zuen lixibiatu “ekotoxikoak” bidali izana. Prentsaurreko horretan, zenbait dokumentu erakutsi zituen prozesua modu egokian bete dutela argudiatzeko. Batetik, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari bidalitako agiri baten ziurtagiria, ingurumen zaintza programari lotua. Bestetik, SGS Tecnos SL enpresak hondakinez eginiko analisiari dagokiona, diputatuak zehaztu duenez.

 

Egoeraren larritasuna ikusita, EH Bilduk hainbat eskaera egin ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan: lehenik, aipatutako prentsaurrekoan bistaratutako agiriak erakusteko eskatu dio Asensiori; bigarrenik, urtarrilaren 29an, Asensiok Jasangarritasun batzordean egingo duen agerraldian gaia mahaigaineratuko dute EH Bilduren batzarkideek; hirugarrenik, EH Bilduk urgentziazko interpelazioa sartuko du; eta, azkenik, Aierdi kontseilariaren agerraldia eskatuko du aipatutako batzordean.