AKTUALITATEA


| 2022-10-26 12:10:00

Juan Karlos Izagirrek, batzarkide taldearen bozeramaileak, legealdiko azken aurrekontuei begira EH Bilduren lehentasunak aurkeztu ditu gaur: ekonomia eta industria, zaintza-eredu berria, erreforma fiskala eta larrialdi klimatikoari aurre egingo dion energia-eredu berri baten beharra. Era berean, egungo eta etorkizuneko erronken aurrean Gipuzkoa indartuko duten neurrien inguruan akordioak lortzeko borondatea agertu du.

Izagirrek azaldu du legealdi hau oso berezia izan dela, Covid 19aren pandemiarekin hasi eta Ukrainako gerraren ondorioz sortutako egoerarekin amaituko baitugu. Horregatik, EH Bilduren bozeramaileak adierazi du, 2023ko aurrekontuetan, Gipuzkoak «datozen erronkei aurre egiteko oinarria» jarri behar duela. Baina, «egoera berezi horiek eskatzen dituzten neurri bereziak hartzeaz gain», Gipuzkoako Foru Aldundiak «pausu bat harago emateko anbizioa izan behar duela» adierazi du.

Izan ere, azkeneko bi urteotako gertakarien ondorioek aurretik zetorren egoera eta tendentzia areagotu baino ez dute egin. Beraz, «neurri sakon eta estrategikoak hartu ezean, Gipuzkoa egoera zaurgarrian utziko dugu, eta etorkizunean kanpo faktoreek berriz ere jarri ahalko dute hankaz gora Gipuzkoan eraikitakoa», nabarmendu du Izagirrek.

Alde horretatik, gogoratu behar da EH Bilduk orain aste batzuk aurkeztu zuela egoera zail honi eragile guztien artean aurre egiteko ongizate itunerako proposamena. Izagirrek adierazi duenez, «hori da norabidea: adostasunetan oinarritutako neurriak hartzea Gipuzkoak dituen erronkei aurre egiteko. Bide horrekin bat datozen guztiei akordioetarako eskua luzatzen diegu».

Hauek dira Gipuzkoaren lehentasunak 2023ko aurrekontu eztabaidari begira:

Erreforma fiskala: lanpostu duinekin batera, pertsonen arteko arrakalak murrizteko eta ezberdintasunei aurre egiteko tresna da zerga politika. Orain arte, EAJ eta PSEren gobernuak ukatu egin du erreforma fiskalaren inguruko eztabaida. Orain PSEk ere beharrezkotzat jotzen du erreforma fiskala. EAJren esku dago eztabaida horri ateak irekitzea. Gipuzkoa herrialde aurreratuenen mailara eramateko ezinbestekoa da eztabaida hau ematea. Europako gobernu guztiak ari dira aldaketa fiskalak egiten, Gipuzkoak ezin du atzean gelditu.

Ekonomia eta industria: lau urtetan 2000 aktibitate ekonomiko galdu ditugu Gipuzkoan. Are gehiago, 2008tik 2019ra industriari lotutako 14.000 lanpostu galdu ditu Gipuzkoak. Eta zoritxarrez, sortzen diren lanpostu berrien lan-baldintzek ez dute zerikusirik industriako lanpostuekin: 4 kontratutik 3 aldi baterako dira eta 10etik 8 prekarioak, besteak beste. EH Bilduren ustez, industriaren aldeko apustua egin behar dugu Gipuzkoan, baina eredu jakin eta zehatz baten gainean. Ezin baitugu ahaztu industria dela gure ekonomiaren zutabe eta aberastasun-iturri nagusia. Horregatik, GFAtik langileen parte-hartzea eta enpresak lurraldean sustraitzea oinarrian izango duen ereduaren alde egiten du EH Bilduk.

Zaintza sistema integrala: Egun, gipuzkoarren %23,2k 65 urte baino gehiago ditu eta ia %38 mendekotasun egoeran bizi da. Joera horiek areagotu egingo dira etorkizunean, eta beraz, zaintza da Gipuzkoaren egungo eta etorkizuneko erronka nagusietako bat. Eta ezin da ahaztu pandemiak agerian utzi dituela egungo sistemaren gabeziak. Gipuzkoan, 300 pertsona daude eguneko zentroan sartzeko itxaron zerrendan, eta beste 500 egoitzan sartzeko plazaren zain. Batez beste 5 hilabetekoa da itxaron zerrenda. Egoitzetako langileek 262 egun daramatzate greban lan baldintza duinak aldarrikatuz. Zaintza lanak ia gehienetan emakumeek betetzen dituzte eta zaintzari lotutako lanak dira prekarioenetakoak. Beraz, EH Bilduren ustez, zaintza-sistema integrala behar da, zaindua eta zaintzailearengan lehentasuna jarriko duena.

Eredu energetiko berria larrialdi klimatikoari aurre egiteko: Gipuzkoako Batzar Nagusiek aldundiak herrialdeko energia beharraren azterketa egitea onartu zuen EH Bilduren ekimenez. Azterketa hori ezinbestekoa da aurrean daukagun beharrari osotasunean erantzun ahal izateko: alde batetik, erregai fosilekiko eta hauen ekoizleekiko daukagun mendekotasuna dago, honek larrialdi klimatikoan duen eragina bestetik. Berriztagarrien aldeko apustua egitean kudeaketa ereduan sakontzea proposatzen dugu. Orain arte ezagutu ez dugun eredu bat esploratzeko aukera sortu da Gipuzkoan: sortzen den energia udalerrietan geratzeko konpromisoa eta energia hori bertako udalerri, herritar eta enpresen artean modu gardenean kudeatzeko aukera, ohiko merkatutik kanpo egongo litzatekeen eredua da.