AKTUALITATEA


| 2021-05-31 10:52:00

Getxoko Udaleko maiatzeko osoko bilkura PNVren eta PSEren itsukeriaren lekuko izan da berriro. EH Bilduk hainbat proposamen aurkeztu ditu mugikortasunarekin, kultur arloarekin edota Palestinako herriarekiko elkartasunarekin lotuta, baina horietako batek ere ez zuen Gobernu Taldearen babesik izan.
EH Bilduren lehen proposamena auzo-taxi zerbitzuari buruzkoa izan zen. EH Bildutik gure udalerriko mugikortasunarekin lotutako hainbat ekimen proposatu ditugu azken hilabeteotan: bidegorri sarea handitzea, herri-busa martxan jartzea... PNVk eta PSEk guztiak baztertu dituzte. Zoritxarrez, "auzo-taxi" zerbitzua ez da salbuespena izan. EH Bildun uste dugu oso interesgarria izan litekeela 70 urtetik gorako eta mugikortasun-premia bereziak dituzten pertsonen beharrei erantzungo dien zerbitzu bat sortzea, kontuan hartuta Getxoko biztanleriaren % 30 baino gehiago 60 urtetik gorakoa dela eta hainbat auzok ez dutela garraio publikoko zerbitzu irisgarririk. Auzo-taxi zerbitzuak zerbitzua emango lieke behar duten pertsonei, prezio eskuragarriagoetan eta beren gehienezko errenta kontuan hartuta. Tamalez, PNVk eta PSEk gure proposamenaren aurka bozkatu zuten, inolako alternatibarik eskaini gabe.
Bigarren proposamena Getxon utzita ditugun telefono kabinak berreskuratzea zen, 15 baino gehiago baitira. Proposamen sortzailea eta berritzailea da: tokiko artisten esku uztea telefono-kabinak, erakusketak, esku-hartze artistikoak... egin ditzaten. Gainera, kabinako "telefonotxoa" aprobetxa liteke obra azaltzeko, eta abar. Kontuan izan behar dugu Telefonicak dagoeneko iragarri duela kabinak kentzeko asmoa, eta, beraz, instalazio horiek aprobetxatzeko azken aukeretako bat dela. Bada, Gobernu Taldeak gutxietsi egin zuen gure proposamena ("zutabe batzuk baino ez dira, ez dira Londresen dituzten kabinak bezalakoak"), eta aurka bozkatu zuen. EH Bilduk tamalgarritzat jotzen du elementu horiek gure kaleetan izanda herriko artistentzat ez aprobetxatzea; izan ere, ziur gaude erabilpenen bat aurkituko lioketela eta beren sormena askatuko luketela. Beste aukera galdu bat.
EH Bilduk aurkeztutako hirugarren eta azken proposamena herri palestinarrari elkartasuna adieraztearekin lotuta zegoen. EH Bildutik mozio bat aurkeztu genuen Israelgo armadak Gazaren aurka egindako erasoak salatzeko. Mozio horrek giza eskubideak eta apartheidaren amaiera aldarrikatzen zituen, baina EAJk eta PSEk zuzenketa transakzional bat aurkeztu ziguten, Israelgo armadaren indarkeria eta sarraskia herri palestinarraren erantzunarekin parekatzen zituena; beraz, EH Bilduk ezin izan zuen onartu. Egoera horren aurrean, EAJk eta PSEk gure proposamena ez babestea erabaki zuten, eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoak ez ziren nahikoak izan mozioa onartzeko (PPk aurka bozkatu zuen eta EH Bilduk zinegotzi bat du bajan, beraz, berdinketa egon zen, eta ez zen onartu).
Beste behin ere, beraz, egiaztatu ahal izan dugu gobernu-taldeak ez duela akordioak lortzeko borondaterik. Presioa egiten jarraituko dugu!