AKTUALITATEA


| 2026-06-09 11:09:00

Duela hiru hilabete salatu genuen Getxoko hainbat etxebizitza turistiko udal araudiaren aurka ari zirela jarduten, eta egoera horren atzean Getxoko Udalaren kudeaketa txarra zegoela. Azaldu genuen bezala, Udalak berandu bidali zizkion Eusko Jaurlaritzari hirigintza- bateragarritasunari buruzko aurkako txostenak, eta horrek administrazio-isiltasunaren bidez lizentziak ematea ahalbidetu zuen.

 

Gaur esan dezakegu EH Bilduk egindako salaketek eta aurkeztutako helegiteek emaitzak ematen hasi direla. Eusko Jaurlaritzak Getxoko hainbat etxebizitza eta logela turistikoren egiaztapen-prozedurak abiatu ditu, eta Udalari berriro eskatu dizkio dagozkion hirigintza-txostenak. Oraingoan, gainera, argi utzi dio txosten horiek legez ezarritako hiru hilabeteko epean bidali behar direla. Gogoratu behar da gaur egungo egoeraren erantzule nagusia udal gobernuaren utzikeria dela. Legezko epea hiru hilabetekoa izan arren, aurreko urteetan txosten ugari urtebeteko atzerapenarekin bidali ziren. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak administrazio-isiltasun positiboa aplikatu zuen eta udal araudiarekin bateraezinak ziren hainbat jarduerak erregistroan inskribatzea lortu zuten.

 

EH Bildutik 17 espediente berrikusteko eskatu genuen, baita jarduera klandestino gisa ari ziren establezimenduen aurka neurriak hartzea exijitu ere. Orain, Udalak berak aitortu du Eusko Jaurlaritzatik hamabost txosten-eskaera berri jaso dituela azken asteotan, eta kasu gehienetan aurkako txostenak bidali dituela. Horrek esan nahi du egiaztapen-prozedurak amaitzean, udal araudiarekin bateragarriak ez diren jarduerek ixteko eta Eusko Jaurlaritzaren erregistrotik kanporatuak izateko bidea izango dutela.

 

Albiste ona da, beraz, legez kanpoko jarduera horien aurka neurriak hartzen hasi direla, baina ez dugu ahaztu behar egoera honetara iritsi bagara udal gobernuaren  immobilismoagatik izan dela. Txostenak garaiz bidali izan balira, jarduera horietako asko ez lirateke inoiz erregistratu ere egingo.

Horregatik, EH Bildutik lanean jarraituko dugu etxebizitza eskubidea defendatzen eta araudia benetan bete dadin exijitzen.