AKTUALITATEA


| 2021-10-06 19:08:00

Algortako San Martin udal eraikinari erabilera zehatza emateko proposamena aurkeztu du Getxoko EH Bilduk: bertan ludoteka handi bat sortzea. San Martin eraikinak urteak daramatza ahaztuta, Udalaren jabetza duen arren. Getxolan izan zenetik, eraikinaren egoerak okerrera egin du azken urteetan, Udalaren utzikeriaren eraginez. EH Bilduk hainbat bider eskaerak egin dizkio Udal Gobernuari eraikina eraberritu eta erabilera ematea. Aurtengo urtarrilean bertan, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen San Martin eraikinari erabilera ematea proposatuz, eta osoko bilkurak onarpena eman zion, hori bai, Udal Gobernuaren abstentzioarekin. Bada, hilabeteak igaro dira eta egoera ez da aldatu: eraikinak erabilera barik jarraitzen du, gero eta egoera okerragoan. Usategiko kafetegian gertatu den bezala, etorkizunean askoz garestiagoa izango da eraikina berriztea eta erabilera ematea.

Egoera honen aurrean, EH Bildutik proposamen zehatza aurkeztu da San Martin eraikinarentzat: ludoteka handi bat sortzea bertan. Izan ere, gaur egun Algortak ez du ludotekarik, eta eskaria nabarmena da. Ludoteka honek lotura egingo luke parean duen parkeagaz, umeentzat eta familientzat espazio zabal bat sortuz.

Baina zer izango luke ludoteka honek? Hori erabakitzeko, saio irekia antolatu du EH Bilduk urriaren 15ean, ostirala, 18:30ean San Martin eraikinean bertan. Batik bat, saio horretan 6 urtetik gorako umeen ekarpenak jasoko dira, ludoteka horren ezaugarriak zehazteko. Halaber, gurasoen ekarpenak ere jasoko dira, eraikin horrek izan behar dituen nolakotasunak denon artean erabakitzeko. Behin ekarpen guztiak jasota, ludoteka honen proposamen zehatza aurkeztuko du EH Bilduk.

Alangoko gasolindegiarekin gertatu den bezala, beste behin ere EH Bilduk aurrea hartu dio Udal Gobernuari herriarentzat beharrezkoak diren azpiegitura eta zerbitzuak proposatzeko. Gasolindegian arte espazioa sortzea proposatu zen koalizio abertzaletik, gasolindegiaren estetika mantenduz, baina ezezkoa eman zioten PNVk eta PSEk. Gauza bera gertatu zen Mimenagako paduraren berreskuratze ekologikoarekin. Bitartean ahaztuta jarraitzen dute espazio biek. Espero dugu oraingoan San Martinentzat aurkeztu dugun proposamena onartzea eta eraikin honek ahaztuta ez jarraitzea.