AKTUALITATEA


| 2021-06-28 12:59:00

Gaur ekainak 28, sexu-aniztasuna aldarrikatzeko eguna da, eta beste behin ere, mundu osoko kaleak LGTBI+ pertsonen aldeko mobilizazioekin beteko dira. Getxoko EH Bilduk ere aldarrikapen hauekin bat egingo dugu, eta arratsaldean Ukatu asanbladak deitutako manifestazioan parte hartuko dugu, 19:30ean Erromon.

Gaur goizeko 12:00etan Getxoko Udalak  argazki instituzionala aterako du ordezkari politikoekin. EH Bildutik ez parte hartzea erabaki dugu, honako arrazoiengatik:

- Itxurakeria, postureoa eta aurpegi-zuriketa baino ez da. Urtean zehar Udalak ez du inolako politikarik bultzatzen sexu-aniztasuna aldarrikatzeko: urtean birritan adierazpen bat kaleratzen du, besterik ez. Ez dago politika integralik sexu-aniztasuna aldarrikatzeko, ezta inolako plangintzarik.

- Aurreko astean ekaineko osoko bilkuran ikusi genuen Udalak benetan ez duela inolako asmorik arlo honetan urratsak emateko. EH Bildutik mozio bat aurkeztu genuen LGTBI+ politikak bultzatzeko arloa sortzeko Getxon, baina PNVk eta PSEk kontra bozkatu zuten. Postureoa nahi dute, ez benetako aldaketa edo konpromisorik.

- Argazki horretan trans legearen kontra bozkatu dutenak agertuko dira, ultraeskuina homofoboarekin paktuak egiten dituztenak, LGTBI+ mugimendua merkantilizatu nahi dutenak, kapitalismo arrosa bultzatzen dutenak... Guretzat ekainaren 28a borroka egun bat da, eta beraz, EH Bilduk ez du lekurik argazki horretan.

- Gaurko egunean protagonismoa ez da politikari instituzionalena.  Protagonistak marikak, bollerak, transak, bisexualak, intersexualak, seropositiboak, arrazializatuak, sexu-langileak, gorputz ez-normatiboak dituztenak, lumadunak eta bazterreko guztiak dira.

Hori dela eta, Getxoko EH Bilduk ez du parte hartuko gaur argazki instituzional horretan, eta bere kanpaina propioa egingo du kaleetan, gogoratzeko ekainaren 28ko izaera zein den, nondik datorren, eta matxinada hori piztu zutenak oroitzeko. Halaber, Ukatuk antolatutako mobilizazioan parte hartuko du.

Harrotzeko askatasuna!