AKTUALITATEA


| 2021-07-26 11:02:00

Hausnarketa bultzatzeko "parentesiak" irekiko ditu Getxoko EH Bilduk aurtengo udazkenean, herrian antolatuko dituen jardunaldien bidez. Urri eta azaro artean izango dira, eta mahainguru hauetan lau gai nagusi landuko dira: etxebizitza eskubidea, ingurumena, tokiko ekonomia eta zaintzak. Bertan, herri-mugimendu, erakundeetako ordezkari eta hainbat adituk parte hartuko dute.

"Getxon ere posible da" izango da lehenengo "parentesi" hauen leloa. "Herri ezberdinetako errealitateak ezagutu nahi ditugu, euren esperientzietatik aberastu eta gurera ekartzeko. Getxon ere posible dela amesteko, sinisteko eta errealitate bihurtzeko". Hautatutako lau gaiak "estrategikoak" dira Getxoko EH Bildurentzat, eta lau gai horien inguruan ospatuko dira parentesiak. "Tarte bat hartu nahi dugu gure herri-ereduaz hausnartzeko, alternatibak partekatzeko, norabidea markatu... eta abiadura hartzeko!".

Lehenengo parentesia ingurumenagaz lotuta egongo da: "Osasun-krisiak itzaletan utzi du gure herriak pairatzen duen bestelako krisi larri bat: krisi klimatikoa eta naturaren txikizioa. Herri-mugimendutik eta erakundeetatik trantsizio ekologikorantz zer nolako urratsak eman daitezkeen aztertuko dugu", hainbat aditu, herri-mugimenduko kide eta erakundeetako ordezkarien eskutik.

Bigarren parentesien gaia "zaintzak" izango dira, hainbat ikuspegitik ulertuta: "Getxon ezkutuan jarraitzen dute zaintza mota ezberdinek. Agerian jarri nahi ditugu, mahai gainera ekarri, ikusgarritasuna eman eta bere ertz guztiak ezagutu".

Etxebizitza eskubidea izango da hirugarren parentesiaren ardatza: "Askotan esan dugu etxebizitza eskubidea Getxok duen arazo larrienetakoa dela. Euskal Herriko preziorik garestienak ditugu, herriko gazteek alde egin behar dute ezin dutelako gure herrian bizi... Alternatibak badaudela erakutsi nahi dugu, badagoela etxebizitza ulertzeko beste modu bat, espekulaziotik kanpo".

Azkenik, jardunaldiak amaitzeko, tokiko ekonomiaz jardungo da laugarren parentesian: "Getxon lan eta bizi nahi badugu, gure herriko errealitate sozioekonomikoari ere erreparatu behar diogu: tokiko txanponen esperientzia ezagutu, dendari txikien egoera aztertu, herri-kooperatibak sortzeko aukera...".

Jardunaldiak urri eta azaro artean ospatuko dira, lau saio ezberdinetan. Getxoko hainbat espaziotan antolatuko dira, aurrez aurre, eta parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea. Jardunaldien hizkuntza nagusia euskara izango da, baina itzulpengintza zerbitzua egongo da eskuragarri behar duenarentzat. Irailean emango da ezagutzera egitarau zehatza.