AKTUALITATEA


| 2021-03-26 12:12:00

Horrelako keinuak sinesgarriak izateko bi ezaugarri izan behar dituzte. Alde batetik, bestelako neurri mamitsuago batzuekin lagunduak izan behar dute. Bestetik, ekimenek denboran jarraipena izan beharko lukete, neurriak martxan jarri ahal izateko. 

Baina zoritxarrez, Udalarentzat inolako jarraipenik izango ez duten ekimen hauek postureorako bakarrik balio dute. Izan ere, ez da inondik ere onargarria, klima larrialdiaren adierazpena aldarrikatzen duen alderdiak, 80-90 hamarkadako ekintza berberetara mugatzen jarraitzea gaur egun. Are gehiago, Udala herritarron erakunde hurbilena da eta konpromiso hauetara bakarrik mugatzen denean, bere kudeaketa-gaitasunaren sinesgarritasuna kolokan jartzen du. Udaletik neurri ausartagoak bultzatzea ezinbestekoa da; arazoa larritu den heinean konpromiso maila handitu beharra dagoelako. Edo nahi bada, Lur planeta berotzen doan bitartean epelkeriak alboratzea derrigorrezkoa delako. 

Udalerrian hainbat dira herritar taldeek eta elkarteek aspalditik nabarmentzen dituzten ingurumen mehatxuak: birika berdeen urbanizazioa eta Azkorriren kutsatzea salatu dute berriki, eukaliptondoen landaketak bertako basoaren kaltetan, hondakinen kudeaketan utzikeria eta akordioak ez betetzea, ur eta airearen kutsadura, kanpoko ekoizle eta merkatuekiko dependentzia...  

Bada garaia urrats ausartagoak emateko erronka horiei eta berriei aurre egiteko. Getxon baditugu ilusioa piztu dezaketen zenbait erronka kanpaina bidez lantzeko premia dutenak: has gaitezke hondakin organikoaren kudeaketarekin edota hondakinak murrizteko neurriekin. Edo urtean gutxi erabiltzen ditugun etxeko erremintak mailegutan hartzeko udal-biltegiekin. Edota bertako ekoizleak eta komertzioak bultzatzean, "getxoztarra" txanpona martxan jartzen, eskoletako jangelan bertako elikagaiak sartzen, gure inguru naturalak errespetatzen, Azkorri Bizirik edo Gune bezalako elkarteek babestu duten bezala...

Baina momentuz, Getxoko Udalaren konpromisoa horretan geratuko da: postureo hutsa.

(Argazkia, Guneren kontzentrazioa Ibarbengoako tren geltoki fantasmaren inaugurazioan).