AKTUALITATEA


| 2021-09-29 11:08:00

EH Bilduk Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) igotzearen aurka bozkatuko du biharko Getxoko osoko bilkuran. EAJ-PSEren udal gobernuak %2'9 igotzea proposatuko du, baina EH Bilduren iritziz, orain ez da momentua OHZ igotzeko, kontuan hartuta osasun-krisiak larriagotu duen krisialdi ekonomikoa. "Pandemiak txirotasuna eta prekarietatea areagotu du familia askotan. Arlo asko oso kaltetuak izan dira: zaintzak, langile autonomoak, behin-behinekoak, dendari txikiak eta abar. Gainera, elektrizitatearen prezioak gora egiten jarraitzen du, baita ere etxebizitzen kasuan eta abar".

 

Egoera honetan, OHZ igotzearen kontra bozkatzeaz gain, EH Bildutik zuzenketa bi aurkeztuko dira: etxebizitza hutsei zerga handitzea (kuota likidoan %50eko errekargua ezartzea) eta pisu turistikoei %2 igotzea. "Getxon gaur egun 900 etxebizitza huts baino gehiago ditugu, eta ezinbestekoa da erakundeetatik erabakiak jartzea euren merkaturatzea bultzatzeko. Etxebizitzaren arazoa gure udalerrian oso larria da, Euskal Herriko preziorik garestienak ditugu, eta herriko gazteek Getxo uztera behartuta egoten dira. Neurriak hartu behar ditugu lehenbailehen".

 

Era berean, pisu turistikoei ere OHZ igotzea proposatuko du EH Bilduk. Gaur egun jarduera hau handitzen ari da gure udalerrian, horrek sor dezakeen kalteekin: etxebizitzen prezioak igotzea, gentrifikazioa sortzea... Udalak ez du onartu oraindik pisu turistikoak mugatzeko araudirik, EH Bildutik behin eta berriz eskatu diogun arren.