AKTUALITATEA


| 2021-04-07 11:17:00

Mimenagako padura ekologikoki berreskuratzeko proiektua aurkeztu dute gaur Getxoko eta Berangoko EH Bilduk. Proposamen horretan jasotzen den bezala, bi udalerrien artean berdegune erraldoi bat sortzea da koalizioaren asmoa. Horretarako, Marel-Renault tailerretako lursailak berreskuratuko lirateke eta naturari itzuliko litzaioke.

 

Aurkezpenean Getxoko eta Berangoko EH Bilduko zinegotziek hartu dute parte: Mikel Bildosola, Nerea Guijarrubia eta David Martin. Nabarmendu dutenez, "eraikuntza masibo eta espekulazioaren aurrean, bestelako alternatibak badaudela azalarazi nahi izan dugu. Gaur egun espazio hau utzita eta kutsatuta dago, eta naturari dagokiona itzuli nahi diogu".

 

Paduraren berreskuratze ekologikoak honako elementuak izango lituzke: Gobelaren ibilbidea jarraituz ibaiertzeko basoa landatzea; landa-eremu zabal eta basatiak; putzuak eta hezeguneak (Gobelak gainezka egitekotan inguru hau beteko litzateke eta beste inguru urbano batzuetan uholdeak ekidin egingo lirateke); gaur egun dauden landare inbaditzaileak ezabatzea; bertako basoa landatzea (Maisu Ibilbidearekin lotura eginez); gaur egun dauden ortuak mantendu eta handitzea getxoztar eta berangoztarrentzat eta abar.

 

Gainera, tailerrek utzitako porlanezko lursaila ezabatu eta bertan egurrezko jolas eta elementuak ipiniko lirateke (tirolinak, abentura-jolasak eta abar), ingurunean integratuz. Parkeak ere atseden hartzeko lekuak izango lituzke eta Gobelaren bidea jarraituz, oinezko eta bizikletentzako bidea ere sortuko litzateke, Mimenaga eta Gobelalde lotuz.

 

Gaur egun indarrean dauden hirigintza-plangintzek bertan etxebizitzak eraikitzea aurreikusten dute, nahiz eta uholdeak pairatzeko arrisku-ingurua izan. EH Bilduren proiektuak, ostera, kontrakoa proposatzen du: tailerraren hondarretan geratzen den porlana ezabatu eta Getxo eta Berango arteko berdegune berri bat sortzea. Bi herrietako auzokideek gozatzeko espazio berri bat izango lukete, beraz. Proiektuak Urko paduraren berreskuratze-ekologikoaren filosofia jarraitzen du, Sopelako Udalak 2011-2015 legegintzaldian bultzatu zuena, Bilduren gidaritzapean, alegia.

 

Hurrengo egunetan EH Bilduk berangoztar eta getxoztarren artean bere proiektua partekatu du eta gero Getxoko eta Berangoko udaletxetan mozioa erregistratuko du, osoko bilkurek proposamena onar dezaten. "Osasun-krisiak agerian utzi du gero eta beharrezkoagoak ditugula berdeguneak eta gozatzeko espazioak gure herrian. Batzuentzat hirigintza espekulazioan eta eraikuntza masiboan oinarritzen da, baina badago bestelako eredurik: naturarentzat espazioak berreskuratu ahal ditugu eta eredua irauli."