AKTUALITATEA


| 2022-06-29 09:49:00

COVID-19 pandemiaren ondoriozko murrizketekin bi urte igaro ondoren, itzuli da kaleko aisialdiaz elkarrekin gozatzeko aukera, eta bueltan dira ere herriko jaiak. Bestalde, Emakundek hiru hilean behin emakumeen aurkako indarkeriaren biktimizazioen inguruan eskaintzen dituen azken datuen arabera, sexu askatasunaren aurkako delituen salaketek gora igo dira nabarmen EAEn. Bizkaian zehazki, 2022ko lehen hiruhilekoan 78 salaketa izan dira, iaz epe berean jasotakoak baino %34 gehiago.

Testuinguru honetan, Emakundek ‘Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida’ egin berri du, Foru Aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan, gazteen artean indarkeria prebenitzeko Beldur Barik programaren esparruan. Gida hau Udalei zuzenduko zaie baina tokiko instituzioez gain, jai batzordeei, ostalaritzari, txosnei eta jai-ekitaldiak programatzen dituzten kolektibo guztiei bideratuta dago.

Gida honen helburua da jaietako antolatzaileei jarraibideak eskaintzea, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzen laguntzeko prozesuak sustatu edota indartzeko. Baina gida honez gain, badaude beste aukera batzuk baliagarriak izan daitezkeenak, esaterako Emaginek, ikerketa eta dokumentazio zentro feministak, eskaintzen dituen baliabideak. Emakumeak eta herritarrak orohar indarkeria sexistaz kontzientziatzeko helburuarekin jai eremuan informazio puntuak kokatzen dituzte, babes eta elkartasun gune bihurtuz. Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartarazteko guneak dira eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetzen laguntzeko eta bitartekoak eskaintzeko funtzioa dute. Honetaz gain, Emaginek arreta telefonoa eta salaketei erantzuteko esku hartzeak ere bideratzen ditu.

Getxoko kasuan, badugu nondik abiatu. Izan ere, urtetan zehar indarkeria matxista prebenitzeko eta horri erantzuteko protokoloak osatu dira Getxoko jai ezberdinetan, mugimendu feministak gidatuta. Baina errealitatea da horrelako protokoloak ez direla Getxon ematen diren jai-espazio guztietan garatu eta lanketa hori abiatu denean ere, maiz emakumeek bakarrik jardun dutela lan horretan.

Aitzitik, argi izan behar dugu ez dagokiela emakumeei bakarrik, ez norbanakoei, ezta kolektiboei ere, eraso horiek prebenitzea eta zentzu horretan EH Bildutik egiten dugun hausnarketa da indarkeria matxistako egoerak identifikatu, aurre egin eta salatzeko tresna gehiago eta hobeak ematea beharrezkoa dela eta lan horretan herritar guztiok jardun behar dugula, baina bereziki erakundeek.

Hori dela eta, jaiak berriz itzuliko diren honetan, beharrezkoa iruditzen zaigu lan hori ohiko den lekuetan indartzea eta hain garatuta ez dagoen lekuetan sustatzea. Horretarako, aipatutako gida hori baliatuta zein Emaginek eskaintzen dituen zerbitzuak kontratatuta, Getxoko Udalak jai batzordeekin, ostalariekin eta oro har, Getxoko jai-ekitaldien antolaketan parte hartzen duten eragile guztiekin elkarlana abiatzea proposatzen dugu, beti ere mugimendu feministaren eskutik.

Jaiak askatasunez eta pertsona guztiak errespetatuz gozatu nahi ditugu, baina horretarako, beharrezkoa da erakundeek indarkeria matxista prebenitzeko politikak indartzeko konpromisoa hartzea, jai espazio inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak sortzeko baldintzak bermatzeko.

Hau guztia dela eta, honakoa eskatzen diogu osoko bilkurari:

Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko prozesuak sustatu ditzala jai batzordeekin, ostalariekin, eta orohar, Getxoko jai-ekitaldien antolaketan parte hartzen duten eragile guztiekin elkarlanean eta mugimendu feministaren eskutik. Horretarako, Getxoko Udalak metodologia proposatu eta beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditu, eraso matxistak prebenitzen dituzten jaiak antolatzen laguntzeko helburuarekin.