AKTUALITATEA


| 2021-09-07 10:53:00

Urtebete igaro da Ibarbengoako aparkalekua ireki zenetik, eta datuek argi erakutsi dute azpiegitura hau ez zela beharrezkoa eta kudeaketa negargarria izan dela: batazbeste 16 kotxek aparkatu dute egunero bertan, nahiz eta 295 kotxerentzat lekua izan. Hau da, azken urte honetan bere erabilera ez da %5era heldu. Eta hau guztia, ia 4 milioi euro xahutu ostean (gainkosteak egon ziren, noski) parking faraoniko hau eraikitzeko. Beste behin ere, argi geratu da zein da PNV estiloa: guztion dirua xahutu, inguru naturalak txikitu eta eraikuntza-enpresentzat etekinak lortu.

Abuztuan ere bestelako albisteak izan ditugu Andra Mari inguruagaz lotuta, beren-beregi, Azkorriko aparkalekuan Udal Gobernuak eraiki zuen biribilguneagaz. Epaitegiek arrazoia eman diete Azkorriko biribilgunea eraikitzeko urrats legal guztiak bete ez zirela salatu zuten auzokideei. Sekulako kolpea izan da PNV eta PSEren politika espekulatzaileentzat: ohituta daude legearen gainetik ere jardutera, inpunitate osoz, eta oraingoan euren harrokeriari muga jartzea lortu da, behin-behinean bada ere.

Azkorriko biribilguneko borroka honek ere argi erakutsi du ezinbestekoa dela antolatzen eta borrokatzen jarraitzea Udalaren gehiegikerien kontra: instituzioan, kalean, herri-mugimenduan... Aurrera!