AKTUALITATEA


| 2022-03-16 10:36:00

Eskalada gorantz doan kirola da, eta gero eta jende gehiago erakartzen du. Asteburu oro eskaladaren zale asko mendira edota inguruko herrietan dauden Boulderretara joaten dira, hain praktika osasungarri horretaz gozatzeko.

Nahiz eta ez konturatu, denok praktikatu dugu eskalada gure haurtzaroan. Ibiltzen hasten garenean, baina baita ibiltzen hasi aurretik ere, bidean aurkitzen dugun guztia igotzen dugu: altzariak, aulkiak, sofak, etab. Ulertzen dugu gaitasun fisikoa dugula altuago iristeko, eta ahaleginari eta esperimentazioari esker deskubritzen dugu nola egin dezakegun aurrera. Naturala den kirola da beraz, gure senak bultzatua.

Bizkaian bertan, hainbat herritan instalazioak sortu dira eskalatzeko; Portugaleten adibidez, bi boulder dituzte. Baina ez dugu zertan itsasadarra zeharkatu: Leioan bertan badago rokodromo estali bat udal kiroldegian eta Erandion Akarlandan, aire zabalean. Bi adibide ezberdin beraz gure inguruan.

Getxo 2014an Europako kirol hiria izendatu zuten, baina tamalez, hemengo biztanleek Leioara edo Erandiora jo behar dute eskalada praktikatzera, hurbilenez.  90ko hamarkadan rokodromoa egon zen Fadurako Udal kiroldegian, baina ez zen zaindu honen mantenua eta gaur egun ez dago erabiltzeko moduan.

Rokodromo horren arazoa argi dago, ez dago estalita eta Euskal Herrian dugun eguraldiak ez du laguntzen.

Egoera hau ikusita eta gure udalerriak eskaintzen dituen aukera anitzak kontuan izanda, uste dugu eskalada praktikatzeko udal instalazioak sortu behar direla “boulder” eta “sokak” modalitateak praktikatzeko udal kiroldegietan. Andra Mariko kiroldegia leku aproposa izan liteke bertan ganorazko rokodromo bat eraikitzeko, izan ere gaur egun guztiz abandonatua dago, eta modu honetan erabilpen egoki bat emango litzaioke. Aire zabaleko tokietan ere, parke edo zelaietan, aztertu daiteke, Akarlandan dagoenaren antzera, adibidez.

Azken hauek adibideak baino ez dira, esan bezala gure udalerriak hainbat aukera eskaintzen ditu honelako proiektu bat aurrera eramateko. Horregatik guztiagatik, honako akordio-proposamena egiten diogu Getxoko osoko bilkurari:

  1. Rokodromoa edo boulder bat sortzeko aukera aztertzea Getxoko udal kiroldegietan. Eta 2022ko aurrekontuetan diru sorta bat izatea.
  2. Behin rokodromoa eraikitakoan, eskalada ikasteko ikastaroak sortzea.