AKTUALITATEA


| 2022-05-03 13:09:00

Getxoko EH Bildutik gogor salatu nahi dugu asteburu honetan Espainiako armadako "Mendez-Nuñez" gerra-ontzia gure herrira etorriko dela gerraren apologia egiteko asmoz. Beste behin ere, EH Bildutik adierazi nahi dugu ez dugula horrelako gerra-ontzirik onartzen gure herrian: "Horrelako ontziak gerra, heriotza, bidegabekeria eta miseriaren kausa eta irudi dira. Getxon ez dugu Espainiako armadaren erakustaldi militarrik nahi eta horrela adieraziko dugu instituzioetan eta kalean".

Egoera honen aurrean, EH Bilduk ekimenak antolatuko ditu erakundeetan eta kalean. Getxoko Udalari dagokionez, bozeramaile batzordea batzea eskatu dio Udal Gobernuari, gerra-ontziaren bisitaren kontrako adierazpen instituzionala onartzeko. Horrez gain, Udalari eskatuko dio harremanetan jartzeko Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioarekin, horrelako bisitarik ez dugula nahi adierazteko eta etorkizunean bisita berriak ekiditeko. Izan ere, azken urteetan hainbat gerra-ontzi heldu dira Getxora, gerraren apologia eginez. 2019. urtean, Getxoko Udaleko bozeramaile-batzordeak adierazpena onartu zuen EH Bilduren ekimenez, EAJ-PNV, PSE, Guk eta EH Bilduren aldeko botoekin.

Horrez gain, kalean antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egingo du EH Bilduk.