AKTUALITATEA


| 2023-04-26 09:57:00

Umeen aisialdi eskaintza areagotzeko asmoz, "Getxon bizi eta jolastu!" proposamena aurkeztu du gaur Getxoko EH Bilduk. Azken asteetan gurasoen artean inkesta zabaldu du koalizio abertzaleak, euren ekarpen eta ideiak jasotzeko asmoz. Zabaldu dutenez, 150 gurasoren proposamenak jaso dituzte, hainbat arloren inguruan: gaur egun eskaintzen diren zerbitzuak, azpiegiturak, hobetu daitekezkeen eremuak...

Horrekin guztiekin, bost puntu duen proiektua aurkeztu du EH Bilduk, eta apirileko osoko bilkuran aurkeztuko dute. Zehazki, bost puntu horiek honakoak dira:

Ludoteka eta txikiguneak auzoetan

Getxok gaur egun Ludoteka bakarra du Areetan. Argi eta garbi, ez da nahikoa. Ez dago zalantzarik: ludotekak eta txikiguneak behar ditugu auzoetan. Areto estaliak, begiraleekin, tailerrekin, erabilera anitzetarako gelak... eta euskara ardatz izango dutenak. Eskolekin ere akordioak bilatu daitezke jolasguneak irekitzeko eskola orduetatik kanpo.

 

Parke estaliak: hobetu eta gehitu

Gaur egun ditugun parke estaliak hobetu behar dira, batik bat euria eta haizea egiten duenean erabiltzeko. Aterpe batzuk jarri eta kendu daitezke sasoiaren arabera. Horrez gain, parke gehiago estali daitezke auzoetan, eta gune irekiren batean ere aterpea jar daiteke, kolunpiorik gabe, korrika egin eta jolasteko oztoporik gabe.

 

Programazioa: ez da nahikoa

Umeei begirako eskaintza ez da nahikoa. Programazio anitzagoa behar dugu (antzerkia, musika, pailazoak, zinea, txotxongiloak, txangoak, eskulanak...), prezio merkeagoan eta euskara hutsez. Kalean ere ekimenak antolatu behar dira, eta ez bakarrik Muxikebarri eta RKEn. Dinamizatzaileak eta ipuin kontalariak parkeetan, plazetan... "Kale fest" formatua mantendu eta kale-zinema antolatu.

 

Getxolandia eta udalekuak

Getxolandiak oso balorazio negatiboa du erabiltzaileen artean. Aukera ezberdinak aztertu behar dira, leku estali batean antolatzeko eta bere eskaintza hobetu eta handitzeko (adinen araberakoa, puzgarriekin...). Udalekuetan ere eskaintza handitu beharra dago: plaza gehiago, merkeago eta anitzagoa (kultura eta sormena lantzeko).

 

Gune berde eta basatiak

Umeentzako gune berde eta basatiak nahi ditugu: landak, egurrezko jolasak, rokodromoa, tirolinak, ingurumenarekin lotutako tailerrak... eta ez bakarrik parke artifizializatuak eta porlana.

 

Eskerrik asko zuen ekarpenengatik!

Ideia gehiago bidaltzeko: getxo@ehbildu.eus