AKTUALITATEA


| 2021-10-27 15:20:00

Ez gara nekatzen pandemia amaitu ez dela entzuteaz, baina gobernu taldeak erabaki du aurreko egoerara itzultzea oposizioa kontutan izan gabe eta oposizioari prentsa-ohar baten bidez jakinarazita.

 

Hasiera batean positiboa dirudien arren, jatorrian akastuna eta adostasun gabekoa da, eta ondorio kaltegarriak ditu.

 

Pandemiak streaming bidez emandako batzordeak eta artezkaritza-batzordeak ere ekarri zizkigun, eta herritarrek parte hartzeko erraztasun handiagoa, mezu elektroniko soil bat nahikoa zen herritarrei entzuteko.

 

Baina badirudi zeozerk deserosotasuna sortzen duela. EAJk eta PSEk hartutako erabakiak batzordeen eta batzarren streaminga ezabatzen du eta osoko bilkuran, batzordeetan eta artezkaritza batzordeetan posta elektronikoz parte hartzeko aukera kentzen du. Erabaki horrek traba handia egiten dio herritarren parte-hartzeari: ordutegiak goizekoak dira eta herritarrak bakarrik era presentzialean parte hartzera behartzen ditu.

 

Baina bada beste zailtasun bat, erantsia eta ia ezkutukoa. Batzordeak publikoak dira, hori da EAJk eta PSEk ukatu ezin dutena, baina herritarren partehartzea zaildu egin dute. Streaminga kentzeko erabakiari batzordeak kokalekuz aldatzea gehitu behar zaio, ohar txiki baten bidez jakinarazi izan dena. Ohar horrek dio edukierak uzten duen bitartean joan ahal izango dela. Santa Klara eraikineko aretoa ezagutzen duen edonork badaki batzordekideen presentzia hutsak ia guztiz betetzen duela edukiera.

 

Pandemiaren aurretik, batzorde eta artezkaritza batzordeak osoko bilkura aretoan egiten ziren, jendea sartzeko adinako edukierarekin; orain hori ere mugatu egin nahi da.

Horrenbestez, Getxoko EH Bilduk honako mozio-proposamena aurkeztuko dio osoko bilkurari:

Batzordeak eta artezkaritza batzordeak streaming bidez ematea, edozein tokitan egiten direla ere, eta jendea sartzeko aukera galarazi gabe.
Pandemian zehar gaitutako batzorde, batzar eta osoko bilkuretan parte hartzeko bidea baldintza berdinetan mantentzea, hau da, mezu elektroniko bat bidaltzea aurreko helbidera eta aurrez ezarritako baldintzetara.
Osoko bilkuretan, batzordeetan eta artezkaritza batzordeetan jendea behar bezala egoteko adinako edukiera duten esparruetan egiten dela bermatzea.