AKTUALITATEA


| 2021-05-26 11:13:00

Azken urteetan nabarmen behera egin du kaleko telefono-kabinen erabilerak. Sakelako telefonoen agerpenak batik bat ekarri du zerbitzu honen gainbehera, eta gero eta baxuagoa da telefono-kabinen erabilera. Getxon 15 telefono-kabina baino gehiago ditugu: kabina batzuk oraindik martxan daude, beste batzuk, ostera, apurtuta eta utzita daude...

Apirilean zabaldu zen bezala, Telefonicak asmoa du Bizkaiko 354 kabinak kaletik kentzeko, tartean Getxokoak. Zentzua izan dezake erabilerarik ez duten zerbitzuak kentzea, batik bat aspalditik konpondu barik daudenen kasuan.

Baina telefono-kabinak kendu beharrean, badago beste aukerarik ere: kabina hauei erabilera berriak bilatu, herriko artisten esku utzi eta denon gozamenerako erreminta bihurtu. Hain zuzen ere, Gure planteamendua honakoa da: Telefonicak Udalaren esku uztea telefono-kabina hauek eta Udalak, beharrezkoak diren eraberritze-lanak egin ostean, herriko sortzaileen esku uztea, interbentzio artistikoetarako. Horrela, artista getxoztarrek kale-erakusketak antolatzeko espazio berri bat izango lukete, gutxienez 15 puntu ezberdinekin. Gainera, kabinen izaera eta estetika aprobetxatuz, artelan bakoitzaren azalpena entzun ahalko litzateke kabinaren-telefonotik. 

Herriko artistek erabiltzeaz gain, elkarte ezberdinek ere erabili ahalko lukete euren argazki-erakusketak egiteko (urteurrenak betetzen dituztenean, aspaldiko argazkiak jartzeko...); edota Getxophoto bezalako jaialdientzat ere erabilgarria izan zitekeen, bertan erakusketak antolatzeko.

Iazko konfinamendua amaitu zenean Udalak egun batetik bestera Torrene erakusketa-aretoa ixtea erabaki zuen, herriko artistekin aldez aurretik berba egin barik. Hori zen herriko sortzaileek euren lanak erakusteko leku gutxienetako bat, eta Udalak kendu zien  inolako alternatibarik eskaini gabe.

Argi dago telefono-kabinek ezin dutela hutsune hau beteko, Getxok behar duelako ganorazko erakusketa-gela bat. Baina telefono-kabinak osagarriak izan daitezke, gaur egun erabilerarik ez duten baliabideak aprobetxatuz, eta kaleari ere bizia emanez. Telefono-kabinek urte asko egin dituzte gure artean, eta sormena erabiliz berriro ere erabilgarri jarri ahal ditugu, getxoztarren eta bisitarien gozamenerako.

Getxoko osoko bilkurari proposatzen dizkiogun puntuak euren onarpenerako honakoak dira:

1.- Getxoko Udala harremanetan jarriko da Telefonicarekin, Telefonicak telefono-kabinak Getxoko Udalaren esku uzteko.

2.- Udalak telefono-kabinak eraberrituko ditu euren estetika mantenduz eta erakusketak antolatzeko aukera eskainiz, horretarako beharrezkoak diren lanak eginez.

3.- Getxoko Udalak deialdi irekia egingo du herriko sortzaileentzat telefono-kabina hauen interbentzio artistikoa antolatzeko eta euren erabilera arautzeko, modu parte-hartzailean.