AKTUALITATEA


| 2024-03-13 09:17:00

Getxoko EAJ-PSEren Udal Gobernuak diru publikoa xahutu du euren barne-bileretako kafe eta bazkarietan, EH Bilduren udal taldeak salatu duenez. 2023ko urrian egindako kontratu txiki batean, Gobernu Taldeak 2.000 euro erabili ditu "kafetegi-zerbitzuetan", zehazki, "Legegintzaldiko Plana egiteko saioetarako kafeak eta bazkariak ordaintzeko". Bilera horietan EAJren eta PSEren Gobernu Taldeko kideek baino ez dute parte hartu, eta, EH Bilduren ustez, gastuek ez dute inolako justifikaziorik: "Gobernu Taldearen barne-bilerak dira, getxoztarrek ez dute zertan ordaindu kafetegiak edo zinegotzien bazkaria bileretan. Bere lanorduen parte da; beste edozein langilek bezala, amuarraina etxetik eraman behar dute, eta ez denon artean ordaindu ".

Gobernu Taldeak kontratu honen gastua horrela justifikatu nahi izan du: "lan-saio trinko batzuek kafea hartzeko atsedena behar dute; eta beste saio batzuk arratsaldez antolatu direnez otorduak behar dituzte. Denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko asmoz erabaki da atseden momentu horiek bilerak antolatzen diren aretoan bertan antolatzea". EH Bilduren ustez, bitxia da hori izatea arrazoia diru publikoaren gastua justifikatzeko: "Bazkaria eta kafeak eskatu ditzakete baina euren poltsikotik ordainduta. Are gehiago Getxoko zinegotzien eta aholkularien soldata astronomikoak kontuan hartuta: Gobernu Batzordeko zinegotzien urteko ordainsaria 75.301, €-koa da, hau da, hilabetean 6.275,13 €-koa ".

EH Bilduk kontratu hau salatuko du dagokion batzordean, eta getxoztar guztien diruarekin berriro antzeko kontraturik ez egiteko eskatu dio Gobernu Taldeari.