AKTUALITATEA


| 2024-03-07 12:42:00

Bost hilabete igaro dira zerbitzua Bizkaibizi zerbitzua martxan jarri zenetik, eta Getxoko EH Bilduk hainbat hobekuntza proposatu ditu bizikleta-zerbitzu hau hobetzeko asmoz. Koalizioak modu positiboan baloratu du zerbitzu honen abiapuntua: "Aspaldiko eskaera zen Getxo eta Bilbo artean bizikleta-sistema bera partekatzea, eta argi geratu da herritarrek horren beharra zutela, zerbitzuak izan duen erabilera kontuan hartuta".

Bizkaibizi zerbitzua modu positiboan baloratzen bada ere, hainbat hobekuntza eta ekarpen egingo dizkio EH Bilduk. Lehenik eta behin, geltokiekin lotuta: "Gure herriko hainbat gune zerbitzu honetatik kanpo geratu dira. Nabarmenena Azkorri da: askotan proposatu dugu bizikleta-sistema hau Gorrondatxe ingururaino zabaltzea, gutxienez udan, kontuan hartuta eremu honetan dauden mugikortasun-arazoak". Horrez gain, EH Bilduk proposatuko du beste eremu batzuk ere sartzea: Portu Zaharra, Arrigunaga eta Neguriko metro geltokia, besteak beste.

Horrez gain, gaur egun Getxon eskaintzen den bizikleta-kopurua aztertzea ere eskatuko du koalizio abertzaleak: "Eguneko momentu batzuetan zaila da bizikleta bat lortzea, batez ere herriaren erdigunean. Aztertu beharra dago ea kopuru horiek handitu daitezkeen, zerbitzua ordu horietan eskainiko dela bermatzeko".

Bizikleta-motei dagokionez ere, EH Bilduk planteatu du ohiko bizikletak, hau da, ez-elektrikoak, eskaintzea, aurretik Getxobizi sistemak eskaintzen zituenak: "Badira bizikleta elektrikoak nahiago dituzten getxoztarrak; baina badira baita ere ohiko bizikletak erabiltzeko ohitura dutenak, eta zerbitzu hori ere eskaini beharko litzateke".

Halaber, tarifak berrikusteko eskatuko du koalizioak, Getxon eskaintzen zen aurreko zerbitzuarekin alderatuta, garestiagoa baita, orain urteko kuota eta erabileraren iraupenagatik ordaindu behar delako.

Azkenik, EH Bilduk nabarmendu du Bizkaibizi zerbitzua sustatzearekin batera, beharrezkoa dela Getxon bidegorriaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzea, horrek benetan bultzatuko duelako bizikletaren erabilera. "Proposatzen jarraituko dugu bidegorri lotura berriak egitea Maidaganen, Errotatxun, Algortako goiko eta beheko aldea lotzea... eta abar".