Getxoko EH Bildutik hainbat proposamen egin ditugu azken hilabeteotan gure udalerriko mugikortasunarekin lotuta: bidegorri-sarea handitzea, herri-busa martxan jartzea, oinezkoen guneak zabaltzea, erabilerarik ez duten aparkalekuei konponbidea ematea... Herri-busaren zerbitzua martxan jartzea proposatu dugu hainbat bider, azkena, 2021eko aurrekontuen prozesuan, baina Udal Gobernuak ez zuen gure proposamena onartu. Oraingoan, beraz, beste alternatiba batekin gatoz, inguruko udalerri batzuetan martxan jarri dena: auzo-taxi zerbitzua.
Gure herrian metro eta autobus zerbitzua dugun arren, erdigunetik kanpoko auzo eta kale batzuetan garraio publikoaren eskaintza oso urria da. Horren adibide dira Andra Mari, Oikosa, Zubileta, Bolue... Gainera, kontuan hartu behar dugu Getxoko auzokideen adinaren batazbestekoa oso altua dela (getxoztarren %30 baino gehiagok 60 urte baino gehiago du), eta herri-guneetatik urrun bizi diren getxoztarrek ez dutela aukerarik izaten zerbitzu publikoetara gerturatzeko garraio publikoan.
Errealitate horri erantzuteko asmoz, EH Bildutik "auzo-taxi" zerbitzua martxan jartzea proposatzen dugu. Getxoko Udalak martxan jarriko luke egitasmo hau Getxoko taxistekin batera elkarlanean. Zerbitzu hau martxan jarriko balitz, 70 urtetik gorako auzokideek eta mugikortasun behar bereziak dituztenek zerbitzu publikoetara joateko aukera izango lukete taxiz, prezio baxuagoetan: anbulatorioak, metro geltokiak, udal zerbitzuak... Udalerritik kanpora ere ospitale eta osasun-zerbitzuetara joateko aukera ere aztertuko litzateke, Urdulizeko ospitalera adibidez.
Berangon adostu den bezala, auzokideen errenta-maila ere kontuan hartuko litzateke zerbitzu hau martxan jartzeko, hau da: gehienezko errenta zehaztuko litzakeke zerbitzu honetan parte hartu ahal izateko eta beherapena jasotzeko. Beherapen horrek sortzen duen kostua Udalak hartuko luke beregain.
Zerbitzu honi esker, herrigunetik urrun bizi diren 70 urte baino gehiagoko auzokideek eta mugikortasun-beharrizan bereziak dituzten getxoztarrek aukera izango lukete zerbitzu publikoetara joateko "dirutza" xahutu barik, eta Udalak konponbide bat eskainiko luke garraio publikoa heltzen ez den inguru horietarako.
Horregatik guztiagatik, honako akordio-proposamena aurkeztuko dugu maiatzaren 27ko osoko bilkuran:
1.- Getxoko Udala BizkaiTaxirekin harremanetan jarriko da Getxoko "auzo-taxi" zerbitzua martxan jartzeko hitzarmena sinatzeko.
2.- Zerbitzu horri esker 70 urtetik gorako getxoztarrek eta mugirkotasun beharrizan bereziak dituzten auzokideek beherapena izango dute taxi-zerbitzuan Getxoko zerbitzu publikoetara joateko, beti ere gehienezko errenta-muga bat ezarri eta gero.