Getxo "tentsio handiko gune" izendatzeko txostena egitea proposatu du EH Bilduk, alokairuaren prezioa mugatzeko


| 2023-09-14 11:24:00

Etxebizitza da Getxok pairatzen duen arazo larrienetako bat eta getxoztarren kezka garrantzitsuenetako bat. Alokairuen eta etxebizitzen salmenta prezio altuen ondorioz, getxoztar askok herria utzi behar izaten dute, Getxon Euskal Herri osoko preziorik garestienetakoak ditugulako.


EH Bilduk etxebizitzarekin lotutako hainbat proposamen aurkeztu ditu azken urteotan, Udal Gobernuak ez baitu etxebizitza-plan integralik bultzatu arazoari aurre egiteko. Ikasturte politiko berriari hasiera emateko, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du iraileko osoko bilkuran, Getxo "tentsio handiko gune" gisa sartu ahal izateko azterketa bat egiteko eskatuz, Etxebizitza Lege berrian oinarrituz, eta Donostia edo Errenteria bezalako herrien urratsak jarraituz. Horrela, besteak beste, herrian alokairuaren prezioak mugatzeko urratsak has litezke.


Mozioa aurkezteaz gain, EH Bilduk kanpaina bat ere egingo du Getxoko etxebizitzaren arazoaren ondorioez ohartarazteko. Mikel Bildosola EH Bilduren bozeramaileak salatu duenez, "gazteen exodo larria bizi dugu, izan ere, herriko gazteek alde egin behar dute, etxebizitza prezio bideragarririk aurkitzen ez dutelako". Bildosolak azpimarratu duenez, bizilagun askok soldataren % 30 baino gehiago erabili behar izaten dute alokairua edo hipoteka ordaintzeko, "prekarietatea eta gizarte-bazterketa eraginez".

 

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk mozioa babesteko eta Getxon alokairuaren prezioak mugatzeko aukera errazteko deia egin die udal ordezkaritza duten gainerako indar politikoei: "Akordioa posible izan da Donostian, Errenterian, Eibarren eta Irunen, besteak beste. Ez litzateke ulertuko Getxon akordioa ezinezkoa izatea, bizi dugun egoeraren larritasuna kontuan hartuta ".


Era berean, Getxo "tentsio handiko gune" gisa izendatzeko azterlana eskatzeaz gain, EH Bilduk etxebizitzarekin lotutako proposamen integralak egiten jarraituko du: alokairu sozialari erabateko lehentasuna ematea sustapen berri guztietan; pisu turistikoen irekiera mugatzea; etxebizitzen bereizketa eta birmoldaketa erraztea; gazteen emantzipaziorako laguntzak handitzea; Udal Etxebizitza Bulegoa sortzea, etab.