AKTUALITATEA


| 2024-01-16 08:45:00

Azken urteetan Getxoko Udalaren esku dagoen Getxo Irratiak gainbehera nabarmena izan du, desagertu zen arte: krisi ekonomikoaren testuinguruan, irratiaren programazioa murriztu egin zen orain dela hamarkada bat, 30 minutuko saio batera mugatuz. Gaur egun saio hori ere desagertu egin da eta irratiak lizentzia mantentzen duen arren, ez du inolako emisiorik egiten. Bien bitartean, bere garaian irratiaren estudioa zenak egoera onean jarraitzen du, eta gaur egun Udal Gobernuaren adierazpen-korteak grabatzeko erabiltzen da. Irratiaren frekuentzian, ostera, ez dago ezer entzuteko aukerarik.

Azken urteetan gora egin du nabarmen podcast formatuaren entzule-kopuruak, eta gero eta gehiago dira erreminta hauek erabiltzen dutenak informatzeko edo gustuko dituzten hausnarketak, bakarrizketak edo eztabaidak entzuteko.

Andaluzian, Catalunyan edo Galizan ez bezala, larogeita hamarreko hamarkadan, EAEn ez zen udal irratien fenomenoa garatu eta gaur egun existitzen diren herriko irrati publikoen kopurua urria da; horien artean esanguratsuenak, Durango eta Oiartzungo irratiak eta Donostiako DK Irratia direla. Azken hau hiriaren kultur jarduna suspertzeko tresna bihurtu dute, herritarrei tailerrak eta podcast aukera zabala eskainiz.

Era berean, adituek agerian utzi dutenez, administrazio publikoek zein gizarte- eragileek bultzaturiko podcastek kohesio eta integrazio sozialarako tresnak izan daitezke. Alde batetik, gutxienekoei beste komunikabideetan ez duten ahotsa eman ahal dietelako; beste aldetik, hizkuntz eta kultur aniztasuna lantzeko euskarriak direlako eta, azkenik, gazte eta umeekin ingurunearen ezagutza eta baloreak lantzeko ere.

Gauzak horrela, eta kontuan hartuta podcast bat sortzeko baliabiderik egokiena irrati-estudio bat izatea dela, eta ikusita Getxo Irratia zenaren estudioak erabilgarri eta egoera onean jarraitzen duela, aukera balia daiteke Getxo Irratiaren izaera eta funtzionamendua eraberritzeko, garai berrietara egokitzeko eta herriaren zerbitzura jartzeko.

Hau guztia, noski, Udal Gobernuaren mesedera dagoen baliabide bat bakarrik izan beharrean, erabilgarria izan daiteke herriko eragile ezberdinentzat; euren podcast propioak sortzeko estudio horretan, Proposamena, beraz, honakoa da: Getxo Irratiaren estudioa herriko eragileek erabil dezatela ahalbidetu, bertan euren podcast saioak sortzeko aukera izan dezaten. Udalak berak ere aprobetxa lezake, gaurkotasuna duten gaiak lantzeko. 

Estudioaren erabilera antolatu beharko litzateke Getxoko Komunikazio Arlotik, eta beharrezkoak diren behar teknikoak eskaini herriko eragileek euren saioak garatzeko aukera izan dezaten. Erabilera horiek askotarikoak izan daitezke:

- Euskararen erabilera bultzatzeko, herriko euskara-elkarteekin eta Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean.

- Herriko dendari txikiei ikusgarritasuna eman, hilabetean behin herriko komertzio txiki bati elkarrizketa eginez, zozketak antolatuz eta abar. Getxo Enpresa, Romo Bizirik eta Algortako Dendak elkarteekin batera egin ahalko litzateke.

- Getxo herri anitza dela eta horrek aberasten gaituela aldarrikatzeko, gure herritik kanpo jaio diren getxoztarrak elkarrizketatzeko saioa egin daiteke, arlo honetan lan egiten duten herriko elkarteekin batera.

- Gure herrian sortu diren musika-taldeen bozgorailu modura erabil daiteke.

- Herriko jaialdi eta kultur ekitaldi ezberdinentzat ere erabilgarri izan daiteke (Getxophoto, Komiki Azoka...), Jai Batzordeek jaietarako kuñak sortzeko eta baita ere herriko hedabideentzat, Hiruka kasu.

- Ikastetxeetako ikasleekin eta Gaztelekuko gazteekin irrati-tailerrak antolatu.

 

Honegatik guztiagatik, honako mozio proposamena aurkezten dugu:

- Getxoko Udalak Getxo Irratia zenaren estudioari erabilera emateko antolaketa-plangintza osatuko du, eta deialdi irekia egingo du herriko eragileen artean, azpiegitura hori erabili nahi duten ala ez ezagutzeko.

- Getxoko elkarteen aldetik sortutako interesa eta eskaria kontuan hartuta, Getxoko Udalak "podcast" formatuko saioak sortzeko aukera eskainiko die elkarteei. Era berean, Udalak aztertuko du gaur egun indarrean dagoen irrati-lizentziari eta frekuentziari erabilera eman ala ez, saio horiek berak erabilita edo berariazko programazioa sortuz, beti ere izaera partehartzailea mantenduz.

- Getxoko Udalak beharrezkoak diren langile, baliabide tekniko eta ekonomikoak gordeko ditu erabilera hori bermatzeko.