AKTUALITATEA


| 2022-07-19 10:29:00

Aurtengo martxoan EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen gure herrian boulder edo rokodromo bat sortzeko. Izan ere, kirol honek gero eta zale gehiago ditu gurean, baina zoritxarrez gure herrian oraindik ez dugu eskalatzeko tokirik, eta getxoztarrak inguruko herrietara joaten dira rokodromoan ibiltzeko, barne zein kanpokoak.

Gure proposamena onartu zen (Udal Gobernuaren abstentzioarekin), eta Udal Gobernuak adierazi zuen borondatea zuela Getxon rokodromoa sortzeko, beste herri batzuetan egin den bezala. Hilabeteak aurrera doaz, eta Getxon oraindik eskalatzeko aukerarik gabe jarraitzen dugu, aurrekontu baxuagoa duten Udal batzuek azpiegitura duinak sortu dituzten bitartean.

Gauzak horrela, EH Bilduk proposamen zehatza aurkeztu du: Errotatxu industriagunean "Getxo Abentura" gunea sortzea. Udalak industriagunearen sarreran bertan dagoen eraikinaren jabetza eskuratu berri du (orain arte bizikleta tailerra egon da bertan), eta oraindik ez du inolako erabilerarik, hots, hutsik dago. Eraikinean hainbat gune daude: altuera handiko biltegi handi bat, tailer handi bat, bulegoak, kanpoko berdegunea eta abar.

Eraikinaren egoera ikusita, espazio egokia izan daiteke abenturagaz lotutako espazio bat sortzeko: rokodromo bat kanpoko horman, barruko rokodromo bat barruan, skate indoor praktikatzeko pistak, tirolina kanpoko berdegunean, bizikletak garbitu eta konpontzeko gunea eta abar.

Abentura-kirolekin lotutako zaletasunak gora egin du azken urteetan, eta Getxok ere eskari horri erantzun beharko lioke, zerbitzu publikoa eskainiz, eta ez enpresa pribatuen eskutik. Getxok horretarako gaitasuna izan behar du, eta gainera kasu honetan, inolako erabilerarik ez duen espazioa daukagu horretarako.

Hau guztia kontuan hartuta, honako akordio proposamena aurkezten diogu Getxoko osoko bilkurari:

1.- Getxoko Udalak bilera irekia antolatuko du gure udalerriko eskalatzaile, skate-zale eta orokorrean abentura-kirolak gustoko dituzten auzokideekin, "Getxo Abentura" espazio berria denon artean egokitzeko.

2.- Getxoko Udalak "Getxo Abentura" espazioa egokitu eta martxan jarriko du Errotatxu Industriagunean dagoen udal eraikinean, zerbitzu publikoa bermatuz. Espazio honetan barne eta kanpoko rokodromoa, skate indoor eta bestelako abentura-jarduerak egongo dira.