Getxoko Udaleko EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko talde politikoek ezohiko osoko bilkura deitu dute Irurak Bat jauregiaren kasua aztertzeko. Ekimen honen helburua Getxoko epaitegietan irekitako prozeduran Udala bera herri-akusazio izatea da.
EH Bilduk azpimarratzen duen bezala, gardentasunez jokatu eta eraispenaren kasuarekin eskura dagoen dokumentazio guztia aurkeztu beharrean, Gobernu Taldeak oztopoak jarri dizkie behin eta berriz gainerako indar politikoen informazio-eskaerei. Horren adibide izan zen urrian deitutako ezohiko batzordea, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek behartuta: Gobernu Taldeak ez zituen erantzun nahi izan eraispen irregularrarekin lotutako 27 galdera, eta erantzun gabe geratu ziren.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk fiskaltzara jotzea erabaki zuen, kasuarekin lotutako dokumentazio guztia emateko asmoz. Hala ere, Udalak, erakunde gisa, ez du aurrerapausorik eman ildo horretan, eta gaur egun ez dago epaitegietan gertatzen denaren berri ere, ez baitago auzian pertsonatuta.
"EAJk eta PSEk gardentasuna oztopatu dute, kontrakoa esan arren. Ezohiko batzordea eta haren garapen eta kudeaketa anormala horren adibide argiak izan ziren. EH Bilduren nahia da gertaerak argitzea eta, batez ere, udal gobernu taldeak gure ondare arkitektonikoaren defentsan konpromisoa hartzea. Udal teknikarien lana ez dugu inola ere zalantzan jarri, baina esan dugun bezala, nabaria da arduradun politikoen borondate politiko falta".
Ezohiko batzordearen deialdiarekin gertatu zen bezala, osoko bilkura berezi baterako deia egiteko beharrezkoa da osoko bilkuran ordezkaritza duten zinegotzien laurdenak gutxienez eskatzea. 25 zinegotzietatik, EH Bilduko 6 zinegotziek eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak erregistratu dute eskaera.