AKTUALITATEA


| 2021-01-06 11:34:00

Gure proposamena argia da: herriaren erdigunean oinezkoei protagonismo handiagoa eman nahi diegu. Bidegorri-sareari benetako bultzada eman nahi diogu. Getxoko inguru natural eta berdegune guztiak babestu nahi ditugu.

Besteak beste, Getxoko "eraztun-berdea" sortzea proposatzen dugu, Azkorritik Larrañazubira (Mimenaga ere berreskuratuz) eta Galeatik Zugatzartera (parkea handituz).

Bidegorri-sareari dagokionez, ez dugu partxe gehiagorik nahi. Algortako goiko eta beheko aldea lotzea proposatzen dugu, Andra Mari lotzea Maidagan kaletik, Errotatxun bidegorria sortu Berangorekin lotura egiteko, Bilbora joateko bidegorriari lehentasuna ematea erakunde ezberdinetan, eta abar. Horrez gain, bizikletak erosi edo konpontzeko dirulaguntzak ematea nahi dugu, Getxobizi sistema hobetzea, aparkaleku gehiago ezartzea eta abar.

Garraio publikoaren arloan, gure proposamen nagusia honakoa da: "Getxobusa" sortzea Getxoko auzo ezberdinak lotuz, batik bat Andra Mari, Oikosa edo Fadura bezalako guneak.

Aparkalekuen kudeaketa Getxon negargarria izaten ari da, horren adibide dira hutsik dauden Ibarbengoa edo San Nikolas. Azken horretan alokairu sistema merkea eta hilabetekoa sortzea proposatzen dugu, eta Romon, Gobelaurre azpian aparkalekua sortzeko aukera aztertzea proposatzen dugu, beti ere parkea errespetatuz.