AKTUALITATEA


| 2019-07-15 12:39:00

Zinegotzien liberazioei dagokionez, EAJk, PPk eta PSEk euren liberazioen kopurua handitzea adostu dute, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosen kalterako. Liberazioak honakoak izango dira:

-          EAJ (11 zinegotzi): 8 lanaldi osoan eta 2 lanaldi erdian.

-          PP (5 zinegotzi): 3 lanaldi osoan.

-          EH BILDU (4 zinegotzi): 1 lanaldi osoan.

-          PSE (3 zinegotzi): 1 lanaldi osoan eta beste bat lanaldi erdian.

-          PODEMOS (2 zinegotzi): 1 lanaldi erdian.

EH Bilduren arabera, eta hala adierazi du osoko bilkuran, EAJ eta PSEren helburu nagusia ezkerreko oposizioa kaltetu, liberazio gehiago euren intereserako lortu eta PPri mesede egitea izan da. EAJk eta PSEk dagokiena baino baliabide ekonomiko gehiago izango dituzte, hauteskundeetako emaitza kontuan hartuz. EH Bilduk eta Podemosek gutxiago izango dute (PSErekin alderatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko).

Harrigarria izan da PPrekin Udal Gobernuak izan duen jokabidea, euren botoak gehiengo absolutura heltzeko beharrezkoak ez diren arren. PPko ordezkariek ez dute hitza hartu gaur, oposizioko alderdi nagusia diren arren, eta Udal Gobernuaren proposamen guztien alde bozkatu dute. Badakigu zein den EAJ eta PSEren arteko akordioa, behintzat alde publikoa. Baina zein da EAJ eta PPren arteko ezkutuko akordioa? Zer lortuko du EAJk hiru liberazioko opari horren truke?

Bizkaiko Ur Patzuergoari dagokionez, bertan iruzurra gauzatu dute gaurkoan EAJk, PPk eta PSEk. Hiru ordezkari ditu bertan Getxoko Udalak, eta ordezkariak EAJ, PP eta PSEkoak izango dira, EH Bilduk PSEk baino zinegotzi bat gehiago eta 1800 boto gehiago eskuratu zituen arren. EH Bildurentzat, erabaki antidemokratikoa da, ez ditu hauteskunde emaitzak errespetatzen eta osoko bilkuran ezin izan dute justifikatu.

Azkenik, EH Bilduk proposatu du osoko bilkurak eta batzordeak arratsaldez izan daitezela, herritarrek bertara joateko aukera errazteko asmoz. Baina beste behin ere, EAJk, PPk eta PSEk aurka bozkatu dute. Herritarren parte-hartzeaz berba egiten dute, baina gero, erabakiak hartzerako orduan, argi dago zein den euren lehentasuna: auzokideei bizkarra ematea eta poltsikoak betetzea.