Uda amaitu berri da eta aurten ere asko izan dira inguruko herrietatik Getxora gerturatu direnak gure hondartzez gozatzeko, eguraldia lagun izan dugun egunetan batez ere. Azken urteetan salatu dugun bezala, aurten ere Azkorri inguruan auto-pilaketak gertatu dira, areagotu da kotxeen joan-etorria eta horrek hainbat arazo sortu ditu inguruan: kotxeak han eta hemen aparkatuta egon dira (berdeguneak zapalduz, oinezkoen bidea trabatuz), kutsadura areagotu da, zarata... eta hau guztia inguru natural batean.
Iaz EH Bildutik mozio bat aurkeztu genuen arazo honi konponbideak bilatzeko asmoz, ikusita Udalaren utzikeria gai honetan. Besteak beste, proposatu genuen kotxeek txarto aparkatzea galaraztea (udalerriko gainontzeko lekuetan bezalaxe) eta auzokide zein bisitariei alternatibak eskaintzea Azkorrira gerturatzeko: autobusaren maiztasuna handitzea eskatzea Bizkaibuseri, Getxobizi bizikleta zerbitzua Azkorriraino luzatzea behintzat udan, kontzientziazio-kanpainak egitea herritarren artean Azkorrira oinez edo bizikletaz joateko eta abar. Mozioa onartua izan zen, baina beste askotan gertatu den bezala, Udalak ez du bete mozioan bertan adostu zena, eta utzikeria nabarmena izan du gai honetan, arazoak bere horretan jarraitzen duelako. Are gehiago, euren ekimen ia bakarra bertan legez kanpoko biribilgunea eraikitzea izan da. Auzo-lotsa.
Era berean, urtebete igaro da Ibarbengoako aparkalekua ireki zenetik, eta datuak ezin dira argigarriagoak izan: batazbeste 16 auto bakarrik egon dira bertan aparkatuta, hots, erabilera ez da %5era iritsi. Ia lau milioi euro xahutu ostean.
Eta beste behin ere, Udalak egindako akatsei nolabaiteko irtenbideak emateko asmoz proposamenak egingo ditugu. Zoritxarrez, inolako zentzurik ez duen aparkalekua eginda dagoelako, landa txikituta dagoelako eta dirua xahututa dagoelako. Txiki Otaegi plaza azpiko aparkalekuarekin egin genuen bezala: herriaren erdigunean hutsik dagoen beste aparkaleku bat, herriko mugikortasuna erabat baldintzatzen duena.
Azkorrin dagoen mugikortasun arazoa kontuan hartuta, eta ikusita Ibarbengoako aparkalekuaren porrota, honako akordio proposamenak egiten dizkiogu Getxoko osoko bilkurari:
- Getxoko Udalak doako lanzadera-zerbitzua sortuko du Ibarbengoako aparkalekuaren eta Azkorriko aparkalekuaren artean, ekainetik irailera arte martxan egongo dena.
- Getxoko Udalak galaraziko du Azkorri inguruan baimendutako eremuetatik kanpo aparkatzea, eta horretarako egurrezko hesiak ipiniko ditu, inguruko paisaiarekin bat egingo dutenak.
- Getxoko Udalak Getxobizi bizikleta-zerbitzua luzatuko du Azkorriko aparkalekuraino ekainetik irailera arte.
- Getxoko Udalak oinezkoen bideak seinalizatuko ditu Ibarbengoatik eta Bidezabaletik Azkorriraino, Gorrondatxera oinez joatera animatuz.
- Getxoko Udalak komunikazio-kanpainak egingo ditu auzokide eta bisitariak Azkorrira garraio publikoz, bizikletaz edo oinez joatera animatuz.
- Getxoko Udalak konpromisoa hartzen du Azkorriko inguru naturala babestu eta errespetatzeko eta bertan kutsadura, zarata eta autoen trafikoa murrizteko.
- Getxoko Udala harremanetan jarriko da Azkorriko naturgunea babesteko lanean ari diren eragileekin inguru horretan hartuko diren erabakiak adostu eta koordinatzeko.