AKTUALITATEA


| 2021-06-04 15:29:00

Akordio zabala sinatu da gaur Getxon Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarraga euskal presoen alabaren eskubideak aldarrikatzeko. Akordioa Getxoko lau indar politikok sinatu dugu: EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos taldeak.

 

Izadi bi urteko umea Aranjuezeko espetxean bizi da gaur egun, baina hiru urte betetzen dituenean bere gurasoengandik urrunduko dute. Hori dela eta, gaur sinatutako adierazpenean lau talde politikoak "kezkatuta" agertzen dira adingabearen egoerarekin, eta aldarrikatzen dute "amarekin egoteko eskubidea bermatzea eta, ahal den neurrian, amarekin bizi ahal izatea, bere familia-ingurunetik banandu gabe".

 

Adierazpenean jasotzen den bezala, lau indar politikoek eskaera egiten diote espetxeetako instituzioei, "adingabearen eskubideak hobekien zainduko dituzten neurriak har ditzatela, gurasoekin eta haien familia-ingurunearekin harremanetan egon ahal izateko eta, hala, EAEko espetxeetara eraman ahal izatea".

 

Akordioa Auzitegi Nazionaleko Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiari eta espetxe-zaintzako epaitegiari bidaliko diete, "pertsona horiek euren jurisdikziopean eta tutoretzapean daudelako".