AKTUALITATEA


| 2025-07-09 11:26:00

Gasteizko Udalak ‘Ongi Etorri Gasteiz’ proiektu berria abian jarriko duela iragarri du. Proiektu horren bitartez hiriko eta auzoetako bizikidetza modu komunitarioan eta prebentiboan landuko da, kalteberatasun sozialeko egoerak eta/edo bizikidetza apurtzeko arriskua duten egoerak detektatuz eta horietan esku hartuz. 60.000 euroko zuzkidura duen programa berria Goian Kultura eta Kirol Elkarteak eramango du aurrera, eta Udal Gobernuak EH Bildurekin 2025ean lortutako aurrekontu akordioari esker izango da posible.

Ekimen berria aurkezteko prentsaurrekoan Pascual Borja Bizikidetza eta Aniztasun zinegotziak, Alberto Porras EH Bilduko Gasteizko zinegotziak eta Goian elkarteko Aitor Andak eta Hafsa Tahirrek hartu dute parte.

Pascual Borja Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotziak nabarmendu duenez, “Udala sentsiblea da hiriko auzoetako herritarrek helarazten dizkiguten beharrizanen aurrean, eta, hori dela eta, beste ekimen bat jarriko dugu abian: ‘Ongi Etorri Gasteiz’. Bazterkeria-egoeran dauden gazteekin komunitatean esku hartzeko proiektua da, eta 60.000 euro bideratuko ditugu horretara. Euskadiko hiriburuaren errealitate soziala eboluzionatzen ari da, eta sortzen diren egoera berriei erantzun behar diegu, bertan bizi diren pertsona guzti-guztien garapena sustatuz, hiri bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta solidarioagoa bultzatzeko helburuarekin.”

Bestalde, Alberto Porras EH Bildu udal taldeko zinegotziak adierazi duenez, “EH Bildutik 60.000 euroko partida hau sartu dugu Gasteizko auzoetan bizikidetza modu komunitarioan eta prebentiboan lantzeko. Izan ere, kalteberatasun-egoerak detektatzen baditugu, bizikidetza apurtzeko egoerak hasierako uneetan hautematen baditugu, egoera horiek kronifikatu aurretik detektatzea eta esku hartzea lortzen badugu, arrakasta izateko eta kalteak murrizteko aukerak biderkatu egingo dira. Eta hori da hiri eta auzo kohesionatuak izateko eta arazoei eskubideetan eta prebentzioan oinarritutako ikuspegitik heldu ahal izateko bidea”.

 Goianeko ordezkariek, bestalde, zehaztu dute haien lana estrategia hezitzaileak, integratzaileak eta komunitarioak garatzea izango dela. Hala,  hainbat jarduera egingo dituzte, hala nola hasierako diagnostiko bat, bazterkeria-egoeran dauden hiriko gazteenganako hurbilketa, hainbat zerbitzurekin konektatzeko eta parte hartzeko elkarlana, auzokideen artean elkar ezagutzeko dinamikak eta hainbat ibilbide betetzeko prozesuan laguntza eskaintzea, besteak beste.

Egitaraua Hirigune Historikoan

Gasteizko Udalak 15 urte daramatza Goianekin lankidetzan, ‘Alde Zaharreko Hezkuntza Ekimen Komunitarioa’ proiektuaren bidez. Programa horri esker, hirigune historikoko sareak, baliabideak, kolektiboak, pertsonak eta ekimenak konektatu eta artikulatzea lortzen da, herritarren aisialdiko beharrei erantzuteko.