AKTUALITATEA


| 2025-08-01 08:25:00

Tokiko Gobernu Batzordeak gaur goizean onartu du bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema publiko berria behin-behinean esleitzeko proposamena, eta hirian mugikortasun jasangarria sustatzeko bidean aurrerapausoa ekarriko du horrek. Proiektua 450.000 eurorekin finantzatuta dago, eta zenbateko horretatik 300.000 euro EH Bildurekin adostutako aurrekontu-akordiotik datoz, eta 150.000 euro Next-Generation Europako funtsetatik.

Enpresa esleipendunak, Movilidad Urbana-Fifteen aldi baterako enpresa-elkarteak, hobekuntza esanguratsuak jasotzen dituen proposamena aurkeztu du eta hasierako lizitazioan aurrez ikusitako zerbitzuaren irismena handituko dute.

Zehazki, 30 bizikleta elektriko gehiago jarriko dira eta, guztira, beraz, 80 izango dira. Era berean, kargarik gabeko 8 estazio berri gaituko dira eta aurrez ikusitako beste 4 karga-estazioei gehituko zaizkie. Estazio horiek Mendizorrotzan, Unibertsitateetan, Salburua gizarte-etxean, San Martingo udal-bulego teknikoetan, Zabalgana gizarte-etxean, Arabako Unibertsitate Ospitalean, Abetxukun eta Ibaiondo gizarte-etxean egongo dira. Hobekuntza horiei esker, joan-etorri gehiago egin ahal izango dira, eta bizikletak hobeto birbanatuko dira hiri osoan.

Gainera, jatorrizko kokapenetako batean egokitzapen txiki bat egin da: hasiera batean Iparralde gizarte-etxearen ondoan aurrez ikusita zegoen estazioa handik gertu dagoen Ballester Apezpikuaren kalera lekualdatuko da, Legutianoko Atean egin beharreko berritze-lanak direla eta. Toki berriak (Herrandarren kaleko erreforma eremuaren barruan dago), espazio zabala eskaintzen du, ondo konektatua, bizitegi-dentsitate handikoa, eta sare nagusiko bizikleta-errei bat ere badu. Horri esker, hiriko bizikleta-sarean ondo integratuta egongo litzateke.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, esleipen horrek “sistema martxan jartzea baieztatzeaz gain, nabarmen hobetuko du. Izan ere, 50 bizikleta izatetik 80 izatera igaroko gara eta aurrez ikusitako estazio kopurua hiru aldiz biderkatuko dugu. Horri esker, zerbitzu irisgarriagoa, erabilgarriagoa eta estaldura handiagokoa eskaini ahal izango dugu. Bizikleta elektrikoa hirian zehar modu erosoan, garbian eta seguruan mugitzeko benetako aukera izatea nahi dugu”.

Bestalde, Rocío Vitero EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, bizikletak mailegatzeko sistema berria elementu garrantzitsua izango da deskarbonizazioaren estrategia lokalaren barruan. “Gasteizen mugikortasun jasangarri, osasungarri eta seguruaren aldeko apustua egin dugu, eta horren adibide da bizikleta elektrikoak alokatzeko martxan jarriko dugun zerbitzu hau. Gainera, bizikleta gehiagorekin eta aparkaleku gehiagorekin egingo dugu, gure apustua irmoa delako eta gure bizilagunentzako zerbitzu zabal eta irisgarria eskaini nahi dugulako”.

Behin betiko esleipena irailaren 5eko Tokiko Gobernu Batzordera eramango da, dokumentazio guztia aztertu ondoren, eta egun batzuk geroago sinatuko da kontratua. Enpresak gehienez lau hilabeteko  epea izango du abian jartzeko.

Sistema berriak pleguan ezarritako baldintzak mantenduko ditu: zerbitzua erabilgarri egongo da eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, gutxienez bizikleten % 85 egongo dira funtzionamenduan, eta App mugikorra egongo da erabilgarri zerbitzua denbora errealean kudeatzeko.

Gainera, Udalak erabilera aztertzeko eta eskariaren arabera sistema zabaltzeko aukera baloratzeko aldizkakotasunez ebaluazioak egitea aurrez ikusten du.