AKTUALITATEA


| 2025-08-01 09:58:00

Datorren abuztuaren 4an, arratsaldeko 18:00etan, urtero bezala, Gasteizko jaiei hasiera ematen dien Zeledonen jaitsiera egingo da Andre Maria Zuriaren plazan. Hori dela eta, EH Bilduk gonbidapena luzatu die hainbat gizarte-eragileri, San Migelgo balkoira bertaratzeko eta euren aldarrikapenei ahotsa emateko. EH Bilduk balkoira gonbidatu dituen kolektiboak hauek dira: "Flotilla Rumbo a Gaza" kolektiboa, SEADek Euskadin duen ordezkaritza, LGTBI+fobia Ikusguneren aurkako Behatokia, Arabako egoitza pribatuetako
langileak eta Etxerat elkartea.


Horrela, EH Bilduk jai irekiak, integratzaileak eta pertsona guztien gozamenerako jaiak bilatzen ditu, gizarte kolektiboen bidezko aldarrikapenak ahaztu gabe.


Horren ildotik, EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio ez dezala galarazi aurten Palestinako banderak sartzea Andre Maria Zuriaren plazara, iaz gertatu zen bezala. Nazioarteko hainbat erakundek onartutako estatuaren bandera ofiziala da, eta babes handia du Gasteizko eta Euskal Herriko herritarren artean. Banderak horiek plazan sartzea Palestinako herria pairatzen ari den genozidioaren aurrean bidezko eta beharrezko errebindikazio bati erantzuten dio. EH Bilduk ez du nahi iazko eszenak errepikatzea, plazako eta balkoiko sarbidean Palestinako banderak konfiskatu zituztenean.


Eraso matxistarik eta LGBT+fobikorik gabeko jaiak


Jaien atarian, errespetuan eta jai giro "osasuntsuan" oinarritutako
guztiontzako jaien aldeko mezua zabaldu du EH Bilduk. Horrela, giro
horretan, herritar guztiek errespetuz eta indarkeria matxista eta
LGBT+fobiarik gabeko jaiez gozatzeko aukera izatea aldarrikatu du.