AKTUALITATEA


| 2025-07-17 07:55:00

Vitoria-Gasteizko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuak Zabalganako bizilagunen artean prozesu parte hartzailea garatzeko lizitazioa egingo du, auzoak eskatzen dituen kirol ekipamenduak identifikatu ahal izateko. Ekimen hau Udal Gobernuak (PSEk eta EAJk) Euskal Herria Bildurekin 2025erako lortutako aurrekontu itunaren emaitza da. Aurrekontua 50.000 eurokoa da eta prozesua hiru hilabetez luzatzea aurreikusten da.

 

Kontratua lortzen duen enpresa arduratuko da partaidetza-prozesu hori diseinatzeaz, garatzeaz, dinamizatzeaz eta ebaluatzeaz. Lehenik eta behin, aurretiazko diagnostiko bat egingo du, honako hauek bilduko dituena: Zabalganako kirol ekipamenduen egungo egoeraren azterketa; dauden instalazioen inbentarioa, publikoak zein pribatuak; egungo azpiegituren erabilerari, eskariari eta egoerari buruzko azterlana; eta kirol eskaintzan egon daitezkeen hutsuneen identifikazioa. Bigarrenik, eremuaren baldintzak aztertuko dira, irisgarritasunari, lurzoruaren jabetzari eta hirigintza araudiari dagokienean.

 

Hurrengo fasean, komunikazio-kanpaina diseinatu eta gauzatuko da, prozesu parte-hartzailea ezagutzera emateko, parte-hartzea sustatzeko eta emaitzak herritarrei itzultzea errazteko. Era berean, funtsezkoa da prozesuan parte hartzen duten pertsonak identifikatzea (herritarrak eta Zabalganari lotutako eragile edo pertsona adierazgarriak), askotariko ikuspegiak eman ahal izan ditzaten. Hortik aurrera, ekintza parte-hartzaileak egingo dira. Prozesua loteslea ez bada ere, Zabalganako bizilagunek lehenesten dituzten kirol ekipamenduak zehatz-mehatz ezagutzeko balioko du. Parte-hartze prozesuaren irismena zabaltze aldera, tresna digitalak edo online inkestak ere sartuko dira.

 

“Parte hartzen duten pertsonek kirol ekipamenduen arloan dituzten beharrak, kezkak eta proposamenak azaltzea nahi dugu. Informazioa ahalik eta errealena izan dadin, metodologia inklusiboak erabiliko dira, hainbat biztanleria-profilen parte hartzea sustatzen duten dinamikak txertatuz. Proposamenak zehatzak eta egingarriak izan beharko dira, eta lehentasun-ordenarekin bat etorriko dira. Lana hori egin ondoren, aurrez aurreko saio ireki batean azalduko da emaitza ”, zehaztu du Miren Fernández de Landa Herritarren Partaidetzako zinegotzi arduradunak.

 

Bestalde, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “Gasteizek zorra du Zabalgana auzoarekin. Udalerrian biztanle gehien dituen auzoa da, baina oraindik ez du behar adina ekipamendu bere jarduerak eta beharrak garatzeko. EH Bildutik partida hori aurrekontu akordioan sartu dugu, auzoari azpiegitura gehiago emateko eta bizilagunek eurek erabaki dezaten ekipamendu berri horiek zeintzuk izan behar diren ”.