AKTUALITATEA


| 2025-07-23 09:40:00

Goya gasolina-zerbitzuguneko ekipamendua balio anitzeko espazio gisa proiektatuko da, mugikortasun jasangarriko moduak sustatzeko. Gainera, arreta turistikoa eta herritarra eskaintzeko, bai eta natura- eta kultura-ondareari, alokairuari eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuekin lotutako laguntza emateari, ingurumen arloko heziketari eta turismo jasangarriarekin lotutako jarduerei buruzko informazioa emateko ere erabilgarria izango da.

21 Zabalgunea Hirigintzako Udal Sozietatearen batzordeak asteazkenean onartuko du PSE-EAJ gobernu-taldeko kontseilariek eta EH Bilduko ordezkariek adostutako proposamena.

Rocio Vitero EH Bilduren udal-bozeramaileak zehaztu duenez, “akordio honen bidez Goya gasolindegiaren eraikina berriro ireki eta bizitza eman ahal izango diogu. Hamarkada bat baino gehiago itxita daraman espazio hori berregokitzea helburu duen proposamena aurkezten dugu. Eta bere funtsa galdu gabe egingo dugu: Hala, XX. mendeko mugikortasunaren ikurra izan zen gasolindegia XXI. mendeko mugikortasunaren erreferentziazko gune bihurtuko dugu: mugikortasun jasangarria, osasungarria eta segurua, udalerriko deskarbonizazio-helburuekin lerrokatuta dagoena”.

Borja Rodríguez 21 Zabalguneko presidente eta Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Ingurumenaren zinegotziak azaldu duenez, “eraikin historiko hau berregokitzeko aukeratu den formula proiektu-lehiaketarena da. Horri esker, balioa emateko proposamenik onena zehaztu eta Cadena y Eleta apezpikuaren kalean dagoen eraikin enblematikoaren oinarrizko proiektuaren eta exekuzio-proiektuaren idazketa definitu ahal izango dira”.

Lehiaketan parte hartuko duten proposamenek “eraikinaren barruan hainbat gune jaso beharko dituzte: hala nola harrera-guneainformazio- eta arreta-gunea eta lanerako eremua, gehienez 6 bulegorekin eta bilera-gela batekin. Gainera, liburuxkak eta kontsultarako materiala gordetzeko lekua ere izan beharko du”, azaldu du Borja Rodriguezek.

Halaber, kontuan hartu beharko dira beste alderdi batzuk ere: punta-puntako komunikazio-teknologiak izan beharko ditu eta modu positiboan baloratuko da eraikinaren diseinuan kontuan hartzea ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzarekin eta arkitektura bioklimatikoarekin eta ekodiseinuarekin lotutako printzipioak, ingurumena eta osasuna errespetatzen dituzten produktuak, materialak eta eraikuntza-sistemak erabili ahal izateko.

Epaimahaia eta bi fase

Lehiaketa garatzeko eta proposamenik onenak hautatzeko, bost kidek osatutako epaimahaia definitu da. Kide horiek honako erakunde hauetako ordezkariak izango dira: 21 Zabalgunea, Vitoria-Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundiko Ondare Zerbitzua, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak (COAVN) izendatutako bi pertsona.

Bere funtzioa originaltasunari, kalitateari, jasangarritasunari eta bideragarritasun ekonomiko eta funtzionalari dagokienez proposamen onena aukeratzea izango da.

Lehiaketan aurkeztutako proposamen guztietatik, epaimahaiak hiru proiektu nabarmenenak aukeratuko ditu lehen fasean, eta, gainera, 5.000 euroko saria jasoko dute (BEZik gabe). Talde parte-hartzaileek lehiaketaren xedeari buruzko ideia zehatza aurkeztu beharko dute fase horretan.

Hurrengo fasean, aurretiazko ideia hori garatu behar izango dute proposamen grafikoa islatuko duten panel batzuen eta ekipamenduaren edukiak aurkeztuko dituen memoriaren bidez.

Adituen epaimahaiak hiru finalista horien artean aukeratuko du proiektu irabazlea. Irabazleak 15.000 euroko sari ekonomikoa ere jasoko du (BEZik gabe), esleipena eginez gero, proiektua idazteko eta obra zuzentzeko kontratuaren truke etorkizunean jaso beharreko ordainsarien aurrerapen gisa.

Goya eraikinaren lehiaketarako eta ondoren egin beharreko berregokitze-lanerako lizitazioaren aurrekontua, guztira, 3.509.000 eurokoa da (BEZa barne). Jardueren egutegiak aurrez ikusitakoaren arabera, lanak 2026ko udaberrian lizitatuko dituzte, eta obrak 2028ko uda baino lehen amaitu nahi dituzte.

Goya eraikina automobilgintzari lotutako industria-ondarearen adibide bat da. Hain zuzen ere, Gasteiz, neurri batean, sektore horretan aitzindaria izan zen. Eraikin berezia da eta inguruan antzeko ezaugarriak dituen eraikin gutxi geratzen dira.

1994. urtean monumentuen kategorian kultura-ondasun gisa katalogatu zuten, eta jatorrizko bolumetria eta ezaugarri arrazionalistak oso-osorik gordetzen ditu. Erabilera berriak ez du funtsezko egitura-aldaketarik eragingo, eta ez du haren osotasun formala arriskuan jarriko.