Udal Gobernuko taldeek eta EH Bilduk uraren tarifak eguneratzeko baterako proposamena eramango dute AMVISAren ezohiko kontseilu batera ostiral honetan, “enpresaren iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko eta hiriarentzat funtsezkoa den zerbitzu horren kalitatea ziurtatzeko”. Proposamenak familia bakoitzeko hileko 0,81 €-ko egunera planteatzen du batez beste 2027an, eta 0,74 €-koa 2028an. Aurten prezioa aldaketarik gabe mantenduko da. Gainera, tarifikazio-tarte berria sortuko da igerilekuak dituzten etxebizitzekin lotutako kontsumitzaile handientzat, eta uraren (ezin da ahaztu ondasun komuna dela) erabileraren araberako kostua handituko zaie.
AMVISAko presidenteak, Pascual Borjak, eta EH Bilduko bozeramaileak, Rocío Viterok, ekimenaren berri eman dute prentsaurrekoan, eta 14 urtez tarifak izoztuta egon ostean, udal-enpresak bizi duen egoera ekonomiko zailari buruz hitz egin dute. Horri dagokionez, AMVISAk berak “kaudimen-arazo larriaren” berri eman du bere txostenetan, eta “irmotasunez eta lehenbailehen” aurre egin behar zaiola nabarmendu du.
Borjak azaldu duenez, gaur egun, “AMVISAk ez ditu estaltzen eskainitako zerbitzuaren kostuak, Uraren Esparru Zuzentarauak ezarritakoaren arabera hori egitera behartuta dagoen arren. Esku hartzen ez badugu, azpiegiturak mantentzeko eta modernizatzeko gaitasuna arriskuan jartzen ariko gara, eta, horrekin batera, funtsezko zerbitzu publiko horren kalitatea eta segurtasuna arriskuan jartzen”.
Udaleko Kontu Hartzailetza Nagusiak egoera horren berri eman du eta AMVISAko presidenteak ohartarazi du “ezin diogula egoera horri ezinikusia egin”. Gainera, gogorarazi du Vitoria-Gasteizek Estatu osoko ur-tarifarik txikienetakoa duela. Horren guztiaren eta eskumen berriak bere gain hartu izanaren ondorioz, hala nola drainatze-sistema mantentzea, hornidura- eta saneamendu-sarea modernizatzeko inbertsio-ahalegin handia egitea (13,5 milioi 2026an) edo ingurumen-araudi berrien eskakizuna, udal-enpresak ezin du bere zerbitzuaren kostu osoa tarifa bidez estali. Horixe bera gertatuko da aurten (izan ere, 5,5 milioi gehiago bildu beharko lituzke).
Bestalde, Rocío Viterok azaldu duenez, akordio horren helburua da “zerbitzu publikoak bermatzea eta indartzea, kasu honetan, uraren ziklo integralaren kudeaketarena. Izan ere, erabateko konpromisoa dugu AMVISA sendoa, udalerriarena, % 100 publikoa eta lurralde osora irekia dagoena lortzeko. Horretarako, udal-sozietate honen etorkizunerako konponbidea adostu dugu, haren kaudimena arrisku larrian baitzegoen. Eta AMVISA ahultzera edo etorkizuneko pribatizaziora bultzatzen duten jarreren aurrean, guk zerbitzu publiko eta kalitatezkoaren alde egiten dugu”.
Akordio horrek, gainera, AMVISAren ekintza indartuko duten funtsak sortzeko balioko du, ingurumen-heziketa indartzeko, prestakuntza-plana hobetzeko eta langileak gaitzeko, I+G+b arloan proposamen berritzaileak egiteko edo garapenerako lankidetzarako. Baina, horrez gain, nabarmendu behar da elkartasun-funtsa sortu dela, sozietatearen aurrekontuaren % 1aren baliokidea, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei arreta eman ahal izateko.
Udal Gobernuak eta EH Bilduk azpimarratu dute eguneraketa horrek ez duela dirua biltzeko helbururik. Hori beharrean, helburua AMVISAren egoera ekonomikoa hobetzea da, kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Zentzu horretan, administrazio-kontseiluko presidenteak azpimarratu du bildutako euro bakoitzak helburu argia izango duela: hodiak berritzea, fibrozementua kentzea, matxurak prebenitzea, ihesak murriztea, saneamendua hobetzea eta sistema klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea. “Helburua ez da dirua egitea, AMVISAren egoera ekonomikoari erabakigarritasunez aurre egitea baizik, zerbitzua kalitate handienarekin ematen jarraitu ahal izango duela bermatzeko”, amaitu du Pascual Borjak.