AKTUALITATEA


| 2026-02-05 09:38:00

Loiolako kuarteletako 400 militarrak Arakako basera eramatea bertan behera uzteko eskatuko du EH Bilduk Udalbatzan. Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «oso albiste ona da armada espainiarra Loiolako kuarteletatik ateratzea, baina ez Arakara ekartzeko. Loiolatik militarrak ateratzeak balio dezala espainiar armada Euskal Herritik ateratzen hasteko».

Izan ere, duela gutxi, Defentsa Ministerioak Arakako base militarrean 4,4 milioi baino gehiago gastatzeko asmoa agertu du, orain arte Loiolako kuarteletan zeuden 400 militar inguru instalazio horietara eramateko. Izan ere, joan den 2025eko uztailean akordio bat itxi zen lursail horiek Donostiako Udalari saltzeko, eta orain, Defentsak lau urteko epea du, akordioa sinatzen denetik, handik alde egiteko.

Loiolako militarrak hartzeko, Ministerioak berak berriki iragarri du Loiolan kuartel berri bat egiteko asmoa duela, Udalak berreskuratutako lurren aurrean, baita Arakako instalazioak handitzekoa ere.

Gaur egun, Arakako base militarrak 714 hektarea hartzen ditu Gasteizko udalerrian, Miñao, Retana, Arangiz, Mendiguren, Abetxuko eta Gamarra Nagusiko Administrazio Batzarren lurretan. 1960ko hamarkadan armadak Arabako eta Gasteizko biztanleei jabetza kendu zien, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Lege Frankista aplikatuta. Desjabetze hori, gainera, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ordaindu zuten gehienbat. Izan ere, desjabetzearen 24 milioi pezetatik 14 Gasteizko Udalak ordaindu zituen, 5 Arabako Foru Aldundiak eta gainerako 5ak Espainiako armadak. «Frankismo garaian Gasteizi kendutako 714 hektareak milioi askoko zorra utzi zuten udal- eta foru-kutxetan, eta ez dute inolako onurarik ekarri Arabako eta Gasteizko biztanleentzat hamarkada hauetan guztietan; kontrakoa baizik. Horregatik, duela hamarkada batzuetatik Arakako base militarrean dauden 714 hektareak gure udalerrira itzultzea eskatuko dugu», adierazi du Ruiz de Larramendik.

Gogoratu behar da 2015ean Gasteizko udalbatzak antzeko edukia zuen mozio bat eztabaidatu zuela, non EH Bilduk, EAJk eta gaur Elkarrekin Podemos osatzen duten alderdiek euren botoak batu zituzten Burgosen egoitza zuten 250 militar Arakara eramatea errefusatzeko. 11 urte geroago, egoera errepikatu egin da, eta, horregatik, EH Bilduk mozio bat ekarri du, 2015eko mozioaren antzera, osoko bilkuraren akordio bat bilatzeko, Loiolatik Arakara lekualdatzea bertan behera uztea eskatzeko eta militarrek frankismoan okupatutako lurrak itzultzeko.